Mañukortaren omenez bertso artean topa egingo dute
Mañukortaren omenezko bertso poteoa antolatu du hirugarrenez Markina-Xemeingo bertso eskolak biharko [maiatzak 23]. Etxahun Lekue eta Aitor Sarriegi ariko dira bertsotan, 19:00etatik aurrera.
Aurten hiru urte beteko dira Mañukorta zendu zenetik, eta ordutik urtero antolatu dute Markina-Xemeingo bertso eskolako kideek haren omenezko bertso poteoa. Aurtengoa, beraz, hirugarren aldia izango da Topa, Mañu! izenagaz eta Mañukortarekin gogoratuz, bertsotan arituko direnak. Bihar [maiatzak 23] ipini dute hitzordua, 19:00etan, Narokin hasita.
Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru urteetan lehentasun baten arabera aukeratu dituzte bertsolariak: “Lehentasun moduan ipini genuen bertsolariak Mañukorta ezagutu dutenak edo harekin kantatu dutenak izatea. Eta, horrekin batera, ahal bada goi mailako bi bertsolari izatea; horregatik, Gabonetan normalean bertsolari gaztetxoagoentzako tokia lagatzen dugu”. Hala, aurtengo bertsolariak Etxahun Lekue eta Aitor Sarriegi izango dira; gai librean ariko diren arren, Mañukortagaz gogoratzeko tartea ere hartuko dute.
Eguna biribiltzeko, bertso poteoa girotuko duten trikitilariak ere, Mañukortaren ingurukoak izango dira: “Gabonetako trikitilariak normalean beti berdinak izaten dira, eta udaberrikoak ere bai. Gabonetakoa trikitilari gazteagoek egiten dute, eta Mañukortaren omenezko saiora Marije eta Itxoño etortzen dira, ze, Mañukorta oso ondo ezagutzen zuten; euren auzokoak dira”. Hala, eguraldia lagun izatea espero dute, eta bertsozale izan edo ez, bertaratzeko deia luzatu dute.

Lehenengo urtean Andoni Egañak eta Igor Elorzak egin zuten bertsotan.Markina-Xemeingo bertso eskola