'Naturaren sekretua' dokumentala eta honen inguruko solasaldia uztartuko ditu Zientziaren Giltzak Elkarteak
Maiatzaren 26an [astelehena] izango da hitzordua, 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Zientziaren Giltzak Elkarteak hamar urte bete dituen honetan egitarau zabala antolatu du urteurrena ospatzeko. Hala, maiatzean eman zioten hasiera egitarauari, eta ekainera arte ekimen ezberdinak eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, hurrengoa astelehenean izango dute [maiatzak 26], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Bertan, Naturaren sekretua dokumentalaren emanaldia eskainiko dute, eta ondoren, ikus-entzunezkoaren inguruko solasaldia egongo da. Sarrera librea izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Zientziaren Giltzak Elkartearen hamargarren urteurrenaren baitan kokatutako ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Zientziaren Giltzak Elkarteak, Eusko Ikaskuntzak, Ondarroako Udalak, DIPCk eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen dute.
Ekitaldian Jose Antonio Perez Ledok zuzendutako eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ekoitzitako Naturaren sekretuak dokumentala proiektuatuko da. Bertan, Pedro Miguel Etxenikeren bizitza eta lana erakusten ditu 55 minututan. “Zientziaren garrantziaz hitz egiteko ariketa bat da. Izan ere, Etxenikeren hitzetan, zientzia etorkizun justoago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea da. Kulturalki garrantzitsua, ekonomikoki erabakigarria eta estetikoki ederra da”. Pedro Miguel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katadraduna eta Donostia International Physics Centerreko lehendakaria da.
Iker Badiola EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak aurkeztuko du ekitaldia, eta dokumentala ikusi ondoren Pedro Miguel Etxenikek eta Ana Urkizak hartuko dute hitza, beren arteko solasaldiari bidea irekiz.
Ekaineko ekintzak. Behin asteleheneko proiekzioa eta solasaldia pasata, beste bi ekitaldi geldituko zaio elkarteari urteurrena modu “borobilean” amaitzeko. Ekainaren 2an [astelehena] bertsolaritza eta zientzia uztartuz Bertsozientzia saioa egongo da Kofradia Zaharrean, 18:30ean. Andoni Egaña eta Josune Aramendi izango dira bertsolariak, eta Miren Basaras, Josu Lopez-Gazpio eta Ainara Sangroniz zientzialariek hitzaldia eskainiko dute. Gainea, Kike Amonarriz ibiliko da aurkezle lanetan. Ekainaren 7an [zapatua] Geoparkera irteera egingo dute, 10:30ean. Ekintzan parte hartzeko izena eman beharko da Ondarroako Turismo Bulegoan.