Azkia Eguna ospatuko dute zapatuan, Mutrikun
Pilotaren modalitate ezberdinak erdigunera ekartzeko helburuagaz, Azkia Eguna ospatuko dute bihar Mutrikun.
Orain dela gutxi sortu du mutrikuar gazte talde batek Azkia pilota taldea. Izan ere, herrian pilotaren modalitate ezberdinekiko zaletasuna ikusirik, esku pilota, pala eta frontenisa barnebiltzen dituen taldea sortu berri dute. “Herriak pilotaren modalitate ezberdinak barnebiltzen zituen taldea behar zuela ikusi genuen; hortaz, taldea sortu dugu”. Hala, taldearen aurkezpen ofizial gisa Azkia Eguna antolatu dute biharko [maiatzak 24]: “Taldea herriari aurkezteko Azkia Eguna antolatzeko ideia izan genuen. Beraz, bihar ospatuko dugu, eta herritarrak frontoira joateko hiru modalitateetako partidak jarri ditugu”. Eguna antolatzen duten lehenengo aldia den arren, urtero errepikatzeko asmoa daukatela azpimarratu dute taldeko kideek.
Era horretan, 11:00etan emango diote hasiera Azkia Egunari. Fronteniseko partida izango da lehenengoa, eta Asier eta Aritz bikotea Fran eta Berasaren aurka arituko dira. Ondoren, palako binakako partida egongo da: Acemel-Santiago Koldo-Ugalde bikotearen aurka. Gero, palazko buruz burukoa jokatuko dute Urangak eta Zafrak, eta azkenik, pilotako buruz burukoak egongo dira; Erronda III Paredesen aurka arituko da, eta Kalamax Alainen aurka.
Taldeko kideek bihar Egaña frontoira joateko deia egin die herritarrei: “Bertaratzen garenen artean bazkaria egingo dugu gero, ondo pasatzeko. Herritarrei frontoira joateko deia egin nahi diegu; gainera, pintxoak eta edaria ere egongo dira, baita musika ere. Giro ederra egongo da!”.