Berrikuntzekin dator Urmuga ekimen herrikoia
Uztailaren 11tik 31ra bitartean egingo da aurten Urmuga ekimen nazionala, antolatzaileen esanetan orain arteko "handiena eta bereziena" izango dena.

Euskal Herriko mendi, bailara eta herriak musikaz beteko ditu aurten ere Urmuga ekimen nazionalak uztailaren 11etik 31ra bitartean. Antolatzaileek aurtengoa orain arteko “handiena eta bereziena” izango dela iragarri dute, “berrikuntzaz beterikoa” izango dela zehazteagaz batera.
Berrikuntzetako bat ibilbideagaz lotuta egongo da. Ohi legez, ibilbideak mendebaldetik ekialdera egingo du, baina aurten, ibilaldia bere osotasunean Urmugatik egin beharrean, zati batzuetan Kantauri zein Ebroranzko isurialdeetatik arituko direla zehaztu dute, aurretik erabili ez dituzten “bide berriak ibiliz”. Hala, Urmuga 2025 bost ataletan banatu dute antolatzaileek: lehenengoan (uztailak 11 eta 12) Arabako zatia egingo dute; bigarren atalean Bizkaia hartu du, uztailaren 13tik 16ra bitartean; hirugarrena, berriz, Gipuzkoan egingo da uztailaren 17an; laugarrenak (uztailaren 21etik 26ra) Nafarroa zeharkatuko du eta bosgarrenean, azkenik, Zuberoan ibiliko dira, uztailaren 26tik 31ra.
Bizkaiko ibilaldia Gaztelugatxen hasiko dutela zehaztu dute antolakuntzatik, jarraian Urdaibai eta Durangaldea zeharkatu eta lau eguneko ibilaldian Besaide mendiraino iristeko. Uztailaren 13an Gaztelugatxetik Ereñozarrerako bidea egingo dute, Burgoa, Bermeo, Mundaka, Atxarre eta Santimamiñetik igarota. Hurrengo egunean, Ereño izango dute abiapuntu, Ziortza Bolibarrera iristeko. Uztailaren 15ean, berriz, Ziortza- Bolibar, Oiz, Maume, Garai, Gederiaga eta Durangotik ibiliko dira.
Denetariko ikuskizunak.
Aurreko urteetan egin bezala, Et Inkarnatus orkestrako kideek “hainbat emanaldi” egingo dituzte, euskal musikagileen kantuak moldatu eta abeslari ezagunekin joz. Urmugarekin bat egin duten abeslarien artean daude, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Janus Lester eta Lorea Zulaika.
Guztira 25 emanaldi baino gehiago egongo dira. Formatu handiko kontzertuez gain, baina, ibilaldian zehar emanaldi “xumeago eta bereziagoak” ere egongo direla aurreratu dute. Kontzertu nagusietako batzuk ikusteko aukera egongo da, esaterako, Gaztelugatxen edota Ereñozarren, uztailaren 13an [domeka].
Izena ematea.
Antolatzaileek gogoratu dute, urtero legez, ibilbideko “edozein zati” egin daitekeela: egun bat, bi zein ibilaldi osoa. Urmugalariak laguntzeko mendi gidariak egongo dira, eta antolakuntza arduratuko da jateoa nahiz lo egiteko tokiak ziurtatzeaz. Horretarako izena eman beharko da, ekainaren 15etik aurrera.
Kontzertuei dagokionez, batzuk doakoak izango badira ere, beste batzuetan diru ekarpena eskatuko da, “gastuei aurre egiteko”. Kontzertu horietarako sarrerak ere ekainaren 15tik aurrera egongo dira eskuragarri.
Hala, data horretatik aurrera izena eman edota kontzerturen baterako sarrera erosi gura duenak www.urmuga.eus webgunean edo info@urmuga.eus helbide elektronikora idatzita izango du horretarako aukera.