Gorane Mendibek hirugarren postua lortu du Gipuzkoako gimnastika erritmikoko txapelketan
Gazteen B mailan lehiatu du Gorane Mendibe markina-xemeindarrak; iaz ere, hirugarren postua lortu zuen Gipuzkoako Txapelketan. Domekan [maiatzak 15] Euskadiko Txapelketa jokatuko du, Durangon.

Denbora asko, dedikazioa eta sakrifizio ugari eskatzen ditu gimnastika erritmikoak, baina egindako lanak eman ditu bere fruituak Gorane Mendibe Bilbao 17 urteko markina-xemeindarrarentzat. Joan den zapatuan [maiatzak 17] Eibarren jokatu zen Gipuzkoako Gimnastika Erritmikoko Txapelketa Amateurrean parte hartu zuen, eta bere modalitatean hirugarren postua eskuratuta itzuli zen etxera.
Gazteen B mailan lehiatu zuen Mendibek, eta guztira 37,150eko puntuazioa lortu zuen. Haren aurretik Olatz Vieira eta Irati Unamuno geratu ziren 37,700eko puntuazioagaz; Mendibe bezala, Vieira eta Unamuno ere Eibarko Ipurua gimnasia erritimikoko klubekoak dira. Garaipena, ostera, Maider Iriondo eta Jone Aguilarrek lortu zuten, 39,650ko puntuazioa lortuta.
Mendiberi dagokionez, pilotagaz 17,650ko puntuazioa lortu zuen, eta xingolagaz, 19,500ekoa; xingolako modalitatean bigarren postua lortu zuen Mendibek, Jone Aguilar eta Maider Iriondoren atzetik (19,800 puntu). Iaz ere, hirugarren postua eskuratu zuen Mendibek Gipuzkoako Txapelketan, xingolagaz lehiatuta eta 18,800eko puntuazioa lortuta.
Gipuzkoako txapelketa atzean utzita, asteburuari begira dago Mendibe. Izan ere, domekan [maiatzak 15] Euskadiko Txapelketa lehiatuko du, Durangon.