Oztopoen gainetik, 40 urte irakaskuntzari emanak
Ikasketak euskaraz egiteko aukera ugari daude gaur egun Euskal Herrian, baina ez da beti horrela izan. Euskaraz ikasi nahi zutenek oztopo ugari gainditu behar izan zituzten, eta zer esanik ez, euskaraz irakasten zuten andereñoek. Horietako bat da Garbiñe Arrate Urigoitia Markina-Xemeingo Zerutxu Ikastolako lehenengotariko andereñoa.

Denak behar du hasiera bat. Eta hasiera behar duen bezala, denak dauka amaiera bat. 40 urte baino gehiago euskarazko irakaskuntzari eskaini ostean, Garbiñe Arrate Urigoitiak (Markina-Xemein, 1944) 2007an amaitu zuen bere jarduna. Andereño garaiak atzean utzi baditu ere, Arratek eta beste hainbatek ereindako hazia ez dute herritarrek berehalakoan ahaztuko.
Gehiengoak bezala, Arratek ere irakaskuntzarekin lehenengo kontaktua umetan eduki zuen. Haren bost neba arrebak bezala, Arrate ere 6 urterekin hasi zen herriko eskola publikoan ikasten, eta 14 urtera bitarteko ikasketak egin zituen; denak ere, gaztelaniaz. Eta, eskolan ez ezik, kalean nahiz etxean ere ez zen euskara asko entzuten: «Nire amona erdalduna zen, eta gaztelaniaz egiten genuen etxean, euskaraz ez genekien horrenbeste. Eskolan ere, den-dena zen gaztelaniaz. Kalean bageneukan txoko bat Gazte Alaiak deitzen zena, eta hor euskaraz egiteko ez genuen arazorik edukitzen».
Ingurua erdalduna bazen ere, Arratek ia nahigabe aurkitu zituen euskaraz aritzeko bidezidorrak: «Ni dantza taldean ibiltzen nintzen, eta bertan ibiltzen zen Angel Kareaga ere. Hark lagundu zidan euskaran pila bat sakontzen; euskara maitatzen eta erabiltzen erakutsi zidan. Oso eskertuta nago lagundu izan didan guztiarengatik». Arrategaz batera, euskaraz aritzen ziren gutxi batzuk bazeuden herrian: «Garai haietan, Markina-Xemeinen euskara oso gutxi egiten zen etxetik kanpora, ez zegoelako onartuta. Guk mendian eta dantza taldean dena euskaraz egiten genuen».
Hor hasi zen Arrateren ibilbidea. Zerutxu Ikastolak 1964ko azaroan eman zuen lehenengo eskola, Miren Nekane Aginaga andereñoaren gidaritzapean. Lehenengo urtean, Arratek hainbat dantza klase eman zituen Zerutxun, eta bigarren urtea heltzerako, Aginagagaz batera bigarren andereño izendatu zuten Arrate: «Lehenengo urtean laguntzen aritu nintzen, eta bi ordu baino ez nintzen joaten. Gero, 1965ean, ume gehiagok izena eman zuten Zerutxun, eta beste andereño bat behar zen. Niri eskaini zidaten postua».
“1964an laguntzen aritu nintzen. 1965ean, ume gehiagok izena eman zuten, eta andereño izatea eskaini zidaten”
Oztopoak, hasieratik
20 urte inguru egon zen martxan Zerutxu Ikastola, eta urte horietan guztietan egon zen bertan Arrate ere. 21 urterekin hasi zen ofizialki andereño lanean, eta hasierako urteetako oroitzapen onak dituen arren, oztopoak eduki zituzten hasiera-hasieratik: «Mendi eta dantza taldean euskaraz egiten genuenez, herriko zati batean txarto ikusita geunden. Gero ikastolara sartu nintzenean, okerragoa izan zen. Beti beldurrez egoten ginen ea Guardia Zibilek deituko gintuzten edo ez, etxea erregistratzera etorriko ote ziren, ikastolara joango ote ziren… Urte batzuk oso eskasak izan ziren».
Oztopoak oztopo, ikastolagaz aurrera jarraitzeko beharra ikusten zuten. Aitortu duenez, herriko gurasoen laguntza ezinbestekoa izan zen aurrera egiteko: «Gurasoek sekulako adorea eduki zuten. Aurrera zelan joango zen jakin barik umeak ikastolara eroaten zituzten, eta garai haietan oso ausarta izan behar zinen hori egiteko». Dirua ere urri, gurasoen laguntzagaz hasi ziren lehenengo diru sarrerak jasotzen: «Guk hasierako urteetan ez genuen dirurik ikusi; gero, guraso elkarte bat egin zuten, eta apurka-apurka bazkideak lortzen hasi ziren. Diru horrekin materiala ordaintzen genuen, eta dirua zegoenean, guk ere kobratzen genuen. Oso gogorra izan zen».

1964an, San Jacinton.
Era berean, gazte askoren babesa ere lortu zuten: «Gurasoekin batera, herriko gazte askok lagundu ziguten. Dirurik ez zegoenez, dendaz-denda kartoia batzera joaten ziren mendigoizale eta dantza taldeetako gazteak, eta hori salduta lortzen genuen beste diru apur bat».
Guraso eta gazteen ausardiarekin batera, puzzlea osatzeko derrigorrezko pieza izan zen Manuel Juaristi Azpiazuk (Aita Miguel Maria) ipinitakoa; Arrateren esanetan, hark bultzatu zuen gehien Zerutxu Ikastola sortzea. Azkoitiarra zen arren, Markina-Xemeingo karmeldarren komentuan egon zen Juaristi 1950etik 1972ra: «Aita Miguel Mariak ikusi zuen gure herriak ikastolaren premia zeukala. Gu gazteak ginen eta gogoz geunden, norbaitek bultzatzea baino ez genuen behar».

1968an, Zerutxu Ikastolako ikasleak.
Egunerokotasuna
Ozotopo guztiak tarteko, Arratek oroitzapen «oso onak» ditu umeekin: «Asko jolasten genuen, baita ere ipuinak kontatu, marrazkiak egin, txangoak egin… Eskolatik asko irteten ginen. Kantatu eta dantzatu ere asko egiten genuen, esaterako 5 urteko umeei bikoteka abesten erakutsi nien. Abesteko lehiaketetara ere joaten ginen». Txitxiburduntzi eguna, Santa Eskea, Gabonak, Inauteriak eta beste hamaika egun ditu gogoan Arratek.
Ikasgelan lantzeko edukia, ostera, dena eurek sortua zen: «Ez zegoen ikasmaterialik. Katalunian apur bat aurreratuago zihoazen, eta handik lortzen genuen zerbait. Baina, horrez gain, dena guk egindako gauzak ziren. Guk prestatzen genituen fitxak, guk asmatzen genuen zer landu behar genuen ikasleekin… Dena gure eskuetan zegoen».
“Hasieran urte txarrak pasatu genituen, baina zelan edo halan egin genuen aurrera, eta ez naiz damutzen”
Garai gogorrak atzean utzi, eta aldaketa Zerutxuk eta Berakruzek bat egin zutenean heldu zen. 20 urte Zerutxun egin ostean, aldaketa «sekulakoa» izan zela aitortu du Arratek. Hasieran «guztiz desberdina» izan zen arren, urte «errazagoak» izan ziren Zerutxuko andereñoentzat: «Berakruzen hasi, eta hurrengo 20 urteak ez ziren horren gogorrak izan. Zerutxutik pasatako umeek, esaterako, bazituzten 30 urte inguru, eta euren umeak Berakruzera eroaten zituzten; gurasoa Zerutxun eta umea Berakruzen ikasle izandakoak badauzkat».
Damurik ez
40 urte irakaskuntzari emanak. Eta denak behar du hasiera bat, baina hasiera behar duen bezala, denak dauka amaiera bat. 2007an amaitu zuen bere andereño jarduna Arratek, baina 1964an hasitako ibilbidearen oihartzuna gaur egunera arte heldu da. Kaleetan ikusi, entzun eta bizi daitekeenaz gain, herritarren babesa eta errekonozimendua ere jaso ditu Arratek. Izan ere, abenduan Markina-Xemeingo Udalak Kultura Saria eman zion, eta Arratek aitortu duenez, ez zuen espero saria jasotzea, baina, hala ere, «oso pozik» jaso zuen herriaren aitortza.

1975ean, Gabon kantuen lehiaketan, Garbiñe Arrate haren ikasleekin.
40 urtek askorako ematen dute. Zerutxuko ikaslerik zaharrenetarikoek, esaterako, aurten 65 urte beteko dituzte. Zerutxuko andereñoek hasi zuten ibilbidea, eta ez du etenik izan gaur egunera arte. Arratek, oztopoak oztopo, argi dauka hasiera «hor» egon zela: «Gurekin ikasi zutenek beste era batera pentsatzen zuten. Guk beti esaten dugu hasiera hor egon zela, eta gauza pila bat lortu zirela ere bai».
Emaitza, beraz, barrutik hasi eta kanporainokoa izan da: «Emaitza kaleetan dago. Andereño asko-asko aritu dira emaitza hori lortzeko lanean». Eta bidea gorabeheratsua izan den arren, argi dauka Arratek: ez dago damurik. Hasierako urte txarrak lausotuta geratu dira lortutako emaitzarekin: «Hasieran urte txarrak pasa genituen, baina egin genuen aurrera, eta ez naiz damutzen. Egindako esfortzu denek emaitza bat eman dute, eta guk hori nahi genuen. Garai haietan ez zegoen mugimendurik, eta hori sortu nahi genuen guk. Asko pozten nau denon artean egindako lanak fruituak eman izanak».

1975ean, Ikastolako ekitaldi batean.