Gaztedi A, Ondarroan irabazle
Gaztedi A taldeak irabazi du Ondarroan hasi den gizonezkoen 640 kiloko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren lehen jardunaldia.
Gaztedi Sokatira Taldeak, Berriatuan egin legez, lur gaineko sokatiraren alorrean Euskal Herriko talderik puntakoenetakoa dela frogatu du iragan asteburuan, puntakoena ez bada. Ondarroak Euskadiko Lur Gaineko Txapelketaren tiraldia hartu zuen joan den zapatuan [maiatzak 24]; gizonezkoen 640 kiloko kategoriaren lehen jardunaldia lehiatu zuten, Ibaiondon. Gaztedi A taldeak aginte makila esku artean eduki zuen, eta garaipen handia lortu.
Garaipen harekin, laukiztarrek 5 puntu poltsikoratu zituzten. Bigarren postua Goiherrik lortu zuen (4 puntu), eta lehen hiruren podiuma Mutriku Sokatira Taldeak osatu zuen; mutrikuarrek 3 puntuko uzta jaso zuten Ondarroan. Jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Akelarre eta Gaztedi B taldeak, biak ala biak 1,5 punturekin. Gizonezkoen 640 kiloko lehiaren bigarren jardunaldia zapatu honetan [maiatzak 31] jokatuko dute, 18:00retan hasita, Azkoitian. Maila horretako finala, ostera, Mungiak hartuko du, ekainaren 7an.

Argazkia: Mutriku Sokatira Taldea.
Ekainaren 14an, Martiartu San Antonioko zelaiguneak hitzordu bikoitza hartuko du: batetik, gizonezkoen 600 kiloko tiraketa; bestetik, emakumezkoen 540 kilokoa. Ekainaren 28an, bigarren jardunaldia Mutrikun jokatuko dute bi pisuotan. Finalak uztailaren 5ean egingo dituzte, baina plaza ez dute iragarri oraindik. Uztailaren 12an, gizonezkoen 560 kilokoa eta emakumezkoen 500 kilokoa abiatuko dituzte, Goiherri San Kristobalen. Bigarren jardunaldia uztailaren 19an lehiatuko dute , eta finalak, ordea uztailaren 27an; jardunaldi bi horien kokalekuak ez dituzte iragarri. Horrez gain, uztailaren 25ean, mistoen finala ere jokatuko dute, 580 kiloko kategorian; final hori non egingo duten ere ez aute aurreratu.