Ondarroako Udalak Telesforo Urrestiren akzioak "bide orri argirik gabe" saldu dituela salatu du EAJk
Telesforo Urrestik lagatako akzioak 4 milioi euro inguru balio dituzte gaur egun, eta Ondarroako Udalak saltzeko "momentua" dela erabaki du. Hala, EAJk salmenta "plan estrategikorik eta herri adostasun gabe" egin dela salatu du.
Ondarroako Udalak Telesforo Urresti Egurrolak lagatako akzioak saltzeko hartutako erabakiaren aurrean, EAJk akzioak “bide orririk gabe” saldu dituela salatu du. “Ezin dugu onartu aktibo hauek kudeaketa ekonomiko txar bati erantzunez likidatzea, plan estrategikorik eta herri adostasunik gabe”. Hala, 4 milioi eurotik gorako balioa duten akzioak “kudeaketa ekonomiko txar bati erantzunez” saltzea aurpegiratu dio EH Bilduko Gobernu taldeari.
Hala ere, EAJtik salmentaren kontra ez daudela azpimarratu dute: “Betiere arduraz eta etorkizunerako ikuspegiaz egiten bada. Onartzen dugu salmenta egin daitekeela dirua proiektu zehatz eta interes orokorrekoetara bideratzen bada. Guretzat funtsezkoa da inbertsioaren inguruan adostasun politiko eta sozial batera iristea, dirua zertarako erabiliko den elkarrekin erabakitzeko”. Lehentasun gisa jarri ditu; besteak beste, udalerriko aparkalekuak, umeen parkeen estaldura eta egokitzapena, eta herritarren eguneroko hobetuko duten beste azpiegitura batzuk.
“Ezin da ondarea saldu kudeaketa akatsak estaltzeko. Ondare publikoa zorroztasunez defendatu behar da, eta inbertitutako euro bakoitza justifikatu. Gobernu taldeari eskatzen diogu presaren arabera jokatzeari uzteko, eta plangintzaz eta ikuspegi zabalarekin lan egiten hasteko”, adierazi dute EAJtik.