Telesforo Urrestik lagatako akzioak 4 milioi euroren truke salduko ditu Ondarroako Udalak
2025eko maiatzaren 23ko txostenaren arabera, gaur gaurkoz, akzioen balioa 4.111.697, 10 eurokoa da. Beratik ateratako dirua "herria aurrera begira jartzeko proiektuetan" inbertsioak egitea da udalaren helburua.
Ondarroako Udalak Telesforo Urresti Egurrolak lagatako akzioak saltzeko erabakia hartu du. Izan ere, 1999ko uztailaren 29ko osoko bilkuran onartu zuen Ondarroako Udalak akzioen bereganatzea, eta akzioen balioak “bilakaera ezberdinak” izan dituen arren, azken hamarkadako “balio gorenean” daudela jakinarazi dute udaletik. Beraz, aholkulari eta ekonomialariekin kontrastatu ondoren, akzioak saltzea erabaki du. Akzioen bataz besteko balioa 1.265.598,64 eurokoa izan da azken urteetan, eta 1999an 2.559.876,02 euroko balioa bazuten ere, maiatzaren 23ko txostenaren arabera, 4.111.697,10 euroko balioa dutela zehaztu du udal kontu hartzaileak.
Urte zehaz batzuetako akzioen “debaluazioa” ikusirik, ez arriskatzeko erabakia hartu du Ondarroako Udalak: “Kontuan hartu behar da 2015, 2016 eta 2017 urteetan akzioen balioa soilik 157.121,14 eurokoa izatera ere iritsi zela”.
Hala, akzioetatik lortutako dirua “herriarentzat onuragarriak diren proiektuak gauzatzeko” erabiliko du udalak; azpimarragarrienak, Anexoko aparkalekua, auditorioaren proiektuaren berrazterketa, Zeledonio berregiteko plana eta erabilera anitzetarako frontoi estalia egiteko proiektua. “Anexoko aparkalekuaren proiektua martxan dago dagoeneko. Zeledonio berregiteari dagokionez, bi aukera daude; eraikina eraitsi eta berria egin, edo, egitura mantendu eta barrutik berritu”. Frontoi estaliaren proiektuari dagokionez, erabakitzeko dago oraindik non egin daiteken.
Telesforo Urrestik akzioak “herriaren mesedetan” utzi zituela adierazi zuen garai hartan, eta Ondarroako Udalak 1999ko osoko bilkuran horrela zehaztu zuen: “Konpromisoa hartzen da berak lagatako ondasunak ondarrutar guztien bizi kalitatea hobetzen lagundu dezaketen ekimenetan erabiltzeko”. Era horretan, akzioetatik jasotako dirua norabide beretik bideratu nahi dutela nabarmendu du Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak: “Aholkulari fiskalekin eta akzioetan adituak diren ekonomialariekin hainbat batzar egin ditugu, bilakaera ikusi eta saltzea komenigarria noiz den jakiteko. Unea iritsi da eta egokiena da. Asmo, inbertsio eta proiektu asko dauzkagu buruan herria aurrera begira ipintzeko, herri batzarrean aipatu bezala, eta horietara bideratuko dugu dirua. Herriaren mesedetan laga zituen eta horretarako erabiliko dugu“.
Akzioen banaketa. Telesforo Urrestik utzitako akzioen banaketa hurregoa da: BBVA 162.486 akzio; Endesa 2.800 akzio; Brunara Sicav 392 akzio; telefonica 1.103 akzio; Atresmedia corporación 12 akzio; eta Ibedrola 96.852 akzio.