270 lagun inguru batu dira Mutrikuko Euskal Ezkontzan
Euskal Ezkontza ospatzen dabiltza gaurkoan mutrikuarrak, Gure Ametsa dantza taldearen 60. urteurrenaren harira.

Euskal Ezkontza ospatu dute gaurkoan [maiatzak 31] Mutrikun, Gure Ametsa dantza taldeak antolatuta. 10:30ean eman diote hasiera ospakizunari, Mutrikuko portuan; itsasontzien sirena hotsekin batera. Aguazilen bandoa pasa dute herri guztian, herritarrei ezkontza egongo dela jakinarazteko, eta 10:45ean Dultzaineroek hartu dituzte Mutrikuko kaleak.Â
11:00etan, apurka-apurka, gonbidatuak Beheko plazara bertaratzen joan dira, eta antolatzaileek zehaztu dutenez pertsonaia guztiak herritarrak izan dira, baita gonbidatu gisa parte hartu dutenak ere. 11:30ean hasi da kalejira Beheko plazan; emaztegaia komentutik irten da, eta senargaia, berriz, Atxukaletik. Emaztegaiak bi idi eta gurdiarekin atera da komentutik, eta gurdian, senargaiaren etxera eraman beharreko guztia sartu du. Goiko plazan elkartu dira guztiak, eta 12:00ak aldera hasiera eman diote ezkontzari. Oholtzara igo dira, Ixabel Iriondo Ansorregi (emaztegaia) eta Joxe Miel Arrizabalaga Basterretxea (senargaia), bakoitza bere gurasoekin. Hala, gurasoek eta ezkontideek baiezkoa eman ostean, txalo zaparrada artean jaitsi dira oholtzatik. Ondoren, Gure Ametsa dantza taldekoek agurra eskaini die ezkonberriei, eta Goiko plaza guztia dantzan jarri dute txistu eta akordeoi jotzaileek.Â
15:00etan Egaña frontoian batu dira guztiak bazkariaren bueltan; 270 lagun inguru. 18:00etan ospakizunari amaiera emateko asmoz, Eingo Erromeria taldea arduratuko da mutrikuarrak dantzan jartzeaz.Â
60. urteurrena. Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldearen 60. urteurrena dela eta antolatu dute aurten Euskal Ezkontza. Izan ere, duela hamasei urte egin zen azkenengoz Mutrikun, eta urte hauetan guztietan erromeria eguna antolatu badute ere, aurten, urteurren borobila izanik, zerbait “berezia” egin nahi zuten dantza taldetik. Horregatik, eguna antolatzen lagundu eta parte izan diren guztiei eskerrak eman nahi dizkie herritarrei: “Lan asko egin dugu, horrelako ekitaldia antolatzeak hala eskatzen baitu: pertsonaiak aurkitu, arropak aukeratu, idiak gurdia… baina ardurak banatuta ondo konpondu gara. Eskerrak eman nahi dizkiegu egunaren parte izan direnei, beraiek gabe ez zen posible izango hau guztia antolatzea”.Â






































































































