Udabirra Fest ospakizunean murgilduta dabiltza amorotarrak
13:00etan eman diote hasiera jaiari, Amorotoko frontoian. Amorotoko Kultur Taldeak antolatutako eguna da gaurkoa, eta Amorotoko Udalagaz, Pilotazaleak taldeagaz eta herritarrekin elkarlanean antolatu dute.

Amorotoko frontoian batu dira gaurkoan [maiatzak 31] ume zein heldu, aurtengo Udabirra fest eguna ospatzeko. Amorotoko Kultur Taldeak antolatu du jaia, Amorotoko Udalagaz, Amorotoko Pilotazaleak taldeagaz eta herritarrekin elkarlanean.
13:00etan eman diote hasiera egunari. Bertaratu direnek txerri pintxoak eta garagardo tailerrean egindako garagardoa dastatzeko aukera izan dute. Musikagaz frontoia girotu dute amorotarrek eta “giro ederra” sortu dute bertan.
Ondoren, palak eta pilotak hartu dute protagonismoa Amoroton; izan ere, 16:00etan Amorotoko Pala Txapelketako bigarren mailako finala egon da, eta ondoren, berritasun gisa, Emakumeen Master Cup txapelketako partida ikusteko aukera izan dute bertaratuek. Alai eta Bergara Uriarte eta Osesen aurka aritu dira. “Tanto politak egon dira eta partida nahiko estuak izan dira Pala Txapelketakoak. Eskuz, aldiz, jendea gustora geratu da, ze, aspaldian Amoroton esku pilota partidarik ez da egon. Jendeak aukera eduki du zerbait desberdina ikusteko”, adierazi dute antolatzaileek.
Hala, esku pilotari dagokionez, Amaia Aldai eta Arrate Bergara nagusitu dira, Uxue Oses eta Aiala Ruiz de Infanteri 22 eta 10 irabazita. Pala Txapelketari dagokionez, ostera, lehenengo mailako irabazleak Jonpu eta Epermendi izan dira: 30 eta 21 irabazi diete Zugadiri eta Liherri. Bigarren mailan, ostera, Txirloi anaiek irabazi diete Iriondori eta Ormari, 30 eta 24 mendean hartuta.
Pala Txapelketa urteroko tradizioa bihurtu da Udabirra fest ospakizunean, egun honetan jokatzen baitira txapelketako finalak. Amorotoko Pilotazaleek antolatutako txapelketa honetan 33 bikotek hartu dute parte guztira. “Amorotoko jokalariez gain, inguruko herrietatik ere etorri dira, adibidez Lekeitiotik, Ondarroatik eta Munitibarretik. Baita urrunagotik ere, besteak beste; Eibar eta Gautegiz Arteaga”.
Egunari amaiera emateko helburuagaz, pala partiden ostean, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak arituko dira herria girotzen, 20:30ean hasita.
Balorazio “ona”. Herrikoentzako eguna izan da gaurkoa: “Orokorrean herri-herriko jendea ibili da, batez ere, eguerdian. 16:00etan partidak hasi direnerako nahikoa jende etorri da, eta etorri direnak gustura egon dira”. Pintxoei dagokienez, ia txerri oso bat saldu zutela adierazi dute: “Ez zen askorik geratu, ia dena saldu zen. Txerri oso bat egiten da eta pila bat pintxo saldu ziren”. Egunarekin amaitzeko egin duten erromeria ere “oso ondo” joan zela adierazi dute: “Erromeria oso ondo egon da. Hala ere, eskerrak frontoian gauden, ze, iluntzean ekaitzak jo du”. Halaber, gaurko egunaren balorazio “ona” egin dute: “Ez da herriko jaietan bezainbeste jende etorri, baina herri ingurukoak bai. Pala txapelketan ere geroz eta jende gehiago apuntatzen denez, azkenean jendetxoa elkartzen da eta giro polita egoten da”.































