Ondarroak irabazi du Bizkaiko Traineru Txapelketa
Emakumezkoetan Ondarroa Arraun Elkarteak irabazi du, eta gizonezkoetan Zierbena gailendu den arren, Isuntza ere sailkatu da Euskadiko Txapelketarako.

Mundakan jokatu zen atzo [ekainak 1] Bizkaiko Traineru Txapelketa, eta Ondarroa Arraun Taldeko neskek garaipena lortu zuten. Lehenengo ziaboga bost minutu eta berrogeita bi segundotan eginda, 11 minutu, 9 segundo eta 7 ehunenegaz heldu ziren helmugara. Atzetik, bost segundotara sartu zen Kaiku, eta hirugarren postuan gelditu zen Portugalete. Hala, Deustu izan zen laugarren sailkatua. Lau taldeak sailkatu dira Euskadiko Traineru Txapelketara.
Gizonezkoetan, Zierbena gailendu zen, eta atzetik jarraitu zion Bermeok, zazpi segundoko aldeagaz. Hirugarren postua eskuratu zuen Itsasoko Amak, eta Isuntzak berriz, laugarrena, 20:21,89ko markagailuaz. Era horretan, lekeitiarrak ere Euskadiko Txapelketarako txartela lortu zuten.
Beteranoetan Mundaka izan zen onena, 10:25,52ko denboragaz, eta Getxok eta Bilboko Beteranoen taldeak itxi zuten podiuma; lehenengoak zortzi segundoko aldeagaz, eta bigarrenak hamazazpi segundokoagaz.