Lekeitioko EAJk salatu du EH Bilduk ez dituela onartu aparkaleku sistemaren inguruan egindako ekarpenak
Martitzeneko [ekainak 3] Osoko Bilkuran behin betiko onarpena eman zieten aparkaleku sistema berria arautzen duen ordenantzari. EAJk aurka bozkatu zuen EH Bilduren udal gobernuak ez dituelako jeltzaleek egindako sei ekarpenetatik bost kontuan hartu.

Lekeitioko EAJk salatu du EH Bilduren udal gobernuak ez dituela onartu EAJtik aparkaleku sistema berria arautzen duen ordenantzari egindako ekarpenak. Martitzenean [ekainak 3] egindako Osoko Bilkuran eman zieten behin betiko onarpena aparkaleku arautuaren udal zerbitzuaren ordenantzari, eta jeltzaleek argudiatu dutenez, kontra bozkatu zuten EH Bilduren udal gobernuak ez zituelako euren ekarpenak kontuan izan.
Joan den martxoaren 26ko Ogasun Batzordean eta apirilaren 7ko Osoko Bilkuran aurkeztu zuten aparkaleku arautuaren udal zerbitzuaren ordenantza aldatzen duen ordenantza zirriborroa, eta jeltzaleek adierazi dute “pozik” hartu zutela aurkeztu izana. Hala ere, sei ekarpen egin zituzten, eta horietatik bost kontuan hartu ez izana salatu dute.
Onartu ez dituzten ekarpenen artean daude Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti, Ispaster eta Eako biztanleei gune berdean aparkatzeko txartela eskuratzeko aukerarik ez ematea, eta txartel berdea eskuratzeko aukera ematea, aldiz, egoiliarrak ez diren baina familia edo ahaideen zaintza ardurak Lekeition burutzen dituztenei, espazio publikoko aparkaleku tokirik gorde gabe dituzten ostatu turistikoei eta etxebizitza propioa duten edota alokairu erregimenean egonaldiak egiten dituzten ez egoiliarrei. Era berean, garajea jabetzan edo alokairuan duten eta txartel berdea eskatzen ez duten egoiliarrei hobari fiskal bat ezartzea eskatu zuten, eta baita anbulatorio aurrean gutxienez errotazio bereziko bost aparkaleku ipintzea; azken hori EH Bilduren udal gobernuak kontuan izan duela azaldu dute.
Alkatetza dekretuak, ilegalak. Era berean, jeltzaleek jakinarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ilegaltzat jo dituela aparkaleku sistema berria arautzen zuten bi alkatetza dekretuak. Hala, EAJren udal taldeak azaldu duenez, joan den apirilaren 11n, epaileak “alkateak bere eginkizunak gainditu” zituela eta ordenantza bat “legez ezarritako prozedura jarraitu gabe” aldatu zuela epaitu zuen: “Era berean, epaiak gaitzesi egiten du tasak kobratzeko ordenantza fiskalak alkateak berak sinatutako txosten tekniko ekonomiko batean oinarritzea. Ezin da kobrantza ereduaren sustatzailea eta oinarritzat erabiliko diren txostenak egingo dituena pertsona berdinak izan”.
Hala, jeltzaleek ardura erakutsi dute “legezkotasun falta” horrek ekar ditzakeen ondorioen aurrean: “Zer gertatuko da legezko kontakoak adierazi diren dekretuen bitartez kobratu diren tasa eta isun guztiekin? Udalak bueltaratu egin beharko ditu?”. Era berean, “gobernu serio bat” behar dutela aldarrikatu dute, “herritar guztien mesedetan gobernatzen duen eta alderdikeriaz jokatzen ez duen gobernu bat”.