Lekeitioko Ikurriña lehiatuko dute asteburuan arraunlariek
Zapatuan [ekainak 7] 10:30ean emango diete hasiera lehiari. Emakumeen Lekeitioko 14. Ikurriña eta Gizonezkoen Lekeitioko 46. Ikurriña lehiatuko dituzte 24 traineruk.

Lekeitiok, beste urte batez, Euskal Herriko arraunlariak elkartuko ditu herriko portuan. Zapatuan [ekainak 7] Emakumeen Lekeitioko 14. Ikurriña eta Gizonezkoen Lekeitioko 46. Ikurriña lehiatuko dituzte 24 traineruk. Iaz Zarautzek eta Hondarribiak lortutako bandera eskuratzeko lehia 10:30ean hasiko da.
Emakume nahiz gizonezkoetan edukiko du ordezkaritza Isuntza etxeko klubak. Hala, emakumeetan bi txanda egingo dituzte. Lehenengo txandan Isuntza, Kaiku, Deusto eta San Juan aritko dira, eta bigarrenean, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika eta Zumaia; kaleen zozketa egunean bertan egingo dute.
Gizonezkoetan, aldiz, ikurriña hiru txandatan erabakiko da. Lehenengo txandan Hibaika, Lutxana, Busturialdea, Portugalete, Hondarribia B, Deustu, Lapurdi eta Zarautz ariko dira. Bigarrenean, ostera, Kaiku, San Pedro, Zumaia eta Arkote uretaratuko dira, eta hirugarren txandan Donostiarra, Getaria, Isuntza eta Ondarroa.