Gustu guztiak asetzeko moduko paellak prestatu dituzte Kamiñazpiko jaietan
Atzo [ekainak 6] hasi zituzten jaiak, eta ez dute etenik izango gaur [ekainak 8] egun osoan. Bazkaritarako, "inoizko jende gehien" elkartu dira: 540 lagun. Arratsaldean eta gauean musika eskaintza zabala egongo da: Itzal erromeria, La Reina del Pop, EH Sukarra eta DJ Jussef.

Zapore, usain eta kolore denetako paellak prestatu dituzte gaur [ekainak 7] Kamiñazpin. Jaiak atzo [ekainak 6] hasi zituzten arren, gaurkoa da eurentzat “egun handia”. Hala, goizean goiz hasi dute eguna auzotarrek, batzuekin umeekin, beste batzuek musikagaz, eta besteek, paella prestatzen.
Pala txapelketarekin hasi dute eguna, eta aurtengoan, lehenengoz, bi egunez egin dute txapelketa: barikuan eta zapatuan. Aurtengo txapeldunak, baina, bakarrak izan dira: Legarraga eta Muruaga. Umeek ere, aldi berean hasi dute eguna, izan ere, aurpegia margotzeko aukera, ginkana eta puzgarriak eduki dituzte aukeran. Debrass Bandek girotu du eguerdia, eta aldi berean hasi dira lehenengo paellak prestatzen ere. Okeladuna, barazkiduna edo itsaskiduna, gustu denak asetu dituzte sukaldariek. Elkarlanean bazkaritarako mahaiak prestatu, eta “inoizko jende gehien” elkartu da aurtengo bazkarian, 540 lagun, hain zuzen ere.
Goizeko jarduna gutxi balitz, arratsaldean hasi eta goizeko ordu txikiak arte luzatuko da jaia. Bazkalostean umeentzako zinea eta puzgarriak egongo dira. Musikazale direnentzat ostera, denetariko eskaintza egongo da: Itzal erromeria, La Reina del Pop, EH Sukarra eta DJ Jussef.
- Ekainak 7, zapatua
- 11.00. Kamiñazpiko 19. Pala txapelketa
- 11.00. Umeentzako txirrindu ginkana, Aurrera Txirrindu elkartearen eskutik. Herri kirolak Mikel Agirreren gidaritzapean eta aurpegia margotzea.
- 11.00. Debrass Band auzoan zehar.
- 11.30-14.30. Puzgarriak.
- 12.30. Paella prestatzen hasi.
- 14.30. Herri bazkaria.
- 18.00. Zinea umeentzat OLEE-ren eskutik, Ibaiondoko etxeetako tunelean.
- 18.00. Itzal erromeria
- 18.30-20.30. Umeentzako puzgarriak.
- 22.30. La Reina Del Pop (La Oreja De Van Goghen tributoa)
- 00.30. EH Sukarra.
- Ondoren. DJ Juseff
- 06.00. Zaparradarekin batera… denok etxera!


































