Mutrikuko kaleak hartu dituzte dantzari txikiek
42. Umeen Euskal Jaia ospatzen ari da gaur [ekainak 7] Gure Ametsa Dantza taldea. Aurtengoan, Zarauzko Jalgi Dantza Taldea gonbidatu dute jaian parte hartzera. Guztira 140 lagun inguru elkartu ditu jaiak.

Goizean goiz hasi dute eguna gaur [ekainak 7] mutrikuarrek. Izan ere, Gure Ametsa Dantza Taldearen 60. urteurrenaren baitan, 42. Umeen Euskal Jaia ospatu dute. Mutrikuarrak ez ezik, Zarauzko Jalgi Dantza Taldea ere bertan izan dira, eta guztira 140 lagun inguru elkartu ditu jaiak.
10:30ak heltzerako Albokako plazan elkartu dira ume, guraso nahiz dantza irakasleak. Umeak egunari ekiteko ilusioz, 11:30ean hartu dituzte Mutrikuko kaleak, kalejirarekin. Kalejiran herria zeharkatuta, 13:00etan batu dira zarauztarrak dantzan egitera, eta hainbat dantza eskaini dituzte Goiko Plazan, besteren artean, Agintari, Agurra, Imotzeko esku dantza eta Alardea; herritarrek nahiz inguruetatik etorri direnek plazako txoko guztiak bete dituzte umeak dantzan ikusteko. Goizeko jardunaren ostean, bazkaritarako elkartu dira denak, eta egunari amaiera emateko, aldiz, 17:00etan erromeria egongo da Beheko Plazan.
Kamisetak. Urteurren berezia da aurtengoa Gure Ametsa Dantza taldearentzat, eta herritarrek urte luzez gogorarazi dezaten kamisetak ipini dituzte salgai. Hala, gaur goizean Goiko Plazan egon dira saltzen, eta arratsaldean Beheko Plazan egongo dira. Bihar [ekainak 8] ere egongo da aukera kamisetak eskatzeko, goizean zehar Beheko Plazan egongo baitira. Era berean, online eskatzeko aukera ere zabaldu dute; bihar da horretarako azken eguna.



































































































