60 partaide izan ditu II. Emakumeen Surf Egunak

Eguraldiaren ondorioz data aldatu behar izan zuten arren, oraingoan asmatu dute antolatzaileek. Domekan [ekainak 8] ospatu zuten II. Emakumeen* Surf Eguna, eta 60 partaide elkartu ziren Karraspion.
Goizean goiz hasi zuten eguna, yoga egiteagaz batera. Hamaiketakoaren ostean, surf-a egiteko bi taldetan banatu ziren partaideak, eta egunaren helburuetako bat bete zuten: “Alde batetik, itsasoan emakumeek ikusgarritasuna edukitzea nahi genuen, eta helburu hori beteta geratu da”.
Ostean, indarrak hartzeko tartea hartu zuten, eta “giro oso ona” egon zela nabarmendu dute: “Espazio segurua sortu genuen, konfiantzazkoa. Emakume asko inoiz surfean ibili gabekoak ziren, eta itsasoarekin zuten harremana asko hobetu zuten; hori ere bazen gure helburuetako bat, era kolektiboan elkartu eta denok batera aurre egitea beldurrei”. Hala, “oso ondo eta oso gustura” sentitu zirela adierazi dute: “Beste helburuetako bat emakumeon arteko saretzea, elkar ezagutzea eta elkarrekin haztea zen, eta oso pozik gaude helburu hori ere bete dugulako. Era berean, beste helburuetako bat zen emakumeei surfa eta skatea irisgarria egitea, eta Hasztenekin geneukan hori egiteko asmoa, baina inork izena eman ez duenez, bertan behera geratu zen. Hala ere, animatzen ditugu aniztasun funtzionala duten emakumeak hurrengo aldietan parte hartzera”.





























