Eskualdeko birziklatze tasa handitzea, "ezinbestekoa"
Lea-Artibai eta Lea Ibarrako Mankomunitateek azaldu dute birziklatze tasa %43koa dela, eta "urrun" dagoela Europatik 2030erako ezarritako %60ko helburutik. Hori aldatu ezean, hondakinen kudeaketarako herritarrek ordaindu beharreko tasak handiagoak izango dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Lea-Artibai Mankomunitateak eta Lea Ibarrako Mankomunitateak indarrak batu dituzte eskualdeko birziklatze tasa handitzeko asmoz. Eskualdean 9.675.000 kg hondakin sortzen dira urtero, eta horietatik 5.439.000 kg birziklatu gabeko hondakinak dira, hau da, errefusera botatzen direnak. Hala, helburua errefusera botatzen den hondakin kopurua 1.451.000 kg-ra jaistea da, Europatik 2030erako ezarritako %60ko helburua betetzeko; gaur gaurkoz, eskualdeko birziklatze tasa %43koa da.
Bi mankomunitateek ezinbestekotzat jo dute eskualdeko birziklatze tasa handitzea. Izan ere, 2024ko datuen arabera, eskualdean sortutako hondakinen %57 errefusera doa, “nahiz eta ondo birziklatuz gero balio horrek %15 izan beharko lukeen”. Gainerakoei dagokienez, hondakinen %12 papera eta kartoia dira, %10 organikoa, %9 beira, %8 ontzi arinak eta %4 bestelakoak.
Hondakinen banaketa horrek eskualdean 1.190.500 euroko kostua eragiten du urtean: “Lea-Artibai Mankomunitatearen kasuan 961.000 euroko kostua du urtean; horietatik 651.000 euro errefusa biltzeko eta tratazeko bideratzen dira. Lea Ibarreko Mankomunitatean, aldiz, kudeaketa osoak 229.500 euroko kostua eragiten du, eta horietatik 120.400 euro errefusa biltzeko eta tratazeko dira”.
“Egun errefusera botatzen ditugun hondakinak egoki sailkatzean dago gakoa”.
Helburuak betetzen ez badira kostuak “are handiagoak” izango direla aurreikusten dute. Izan ere, orain arte udalek hartu dute birziklatze gastuaren zati bat euren gain, baina indarrean dagoen araudiaren arabera hemendik aurrera gastua bere osotasunean herritarrek ordaindu beharko dute tasen bitartez. “Horregatik, hondakinak behar bezala sailkatzea ezinbestekoa izango da, ingurunea eta gure lehengaiak babesteaz gain, herritarrei ezarri beharreko tasak ahalik eta txikienak izan daitezen”, adierazi dute mankomunitateetako ordezkariek.
Martxan. Bi mankomunitateen indarrak batuta, udalerri guztietako ordezkariak agertu dira prest “eraldaketaren gidaritza” hartzeko. Horretarako, hasi dira jada pausuak ematen. Alde batetik, diagnostiko orokorra egin dute adituen eta erakunde espezializatuen laguntzagaz, eta datu kuantitatibo nahiz kualitatibo eguneratuak eskuratu dituzte; aldi berean, herritarren parte hartze aktiboa ere bultzatu dute.
Azken horren adibide dira bi mankomunitateek aurrera eroan dituzte egitasmoak. Lea-Artibai Mankomunitatearen kasuan, udalerrietan nahiz ikastetxeetan hondakinen sailkapenaren garrantziaz jabetzeko ekintzak ari dira egiten, besteren artean, Kultura Erein ekimenaren gidaritzapean egiten ari diren Bereizi pertsonaiaren antzezpenak. Lea Ibarreko Mankomunitatean, ostera, herri guztietan batzar irekiak egiteagaz batera, udalerrietako negozio guztietatik banan-banan igaro dira teknikariak, hondakinen kudeaketari dagokionez euren errealitatea ezagutu, beharrizanak identifikatu eta horiei irtenbide bat emateko asmoz.
Eskualdeko ordezkariek nabarmendu dute egun errefusera botatzen diren hondakinak “egoki sailkatzean” dagoela gakoa: “Eskualdeko herritarren ongizatea eta etorkizuna bermatzeko, hondakinak egoki sailkatzea ezinbestekoa da, bestela, kalteak ordainduko dituzten lehenengoak gu izango baikara. Birziklatze tasa handitzea da egoera iraultzeko modurik eraginkorrena. Herritarrok dugu giltza erronka honi aurre egiteko”.