Tolosaldea eta Getaria, Lekeition nagusi
Tolosaldeak eta Getariak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Lekeitioko Ikurrinaren emakumezkoen eta gizonezkoen estropadak.

Arraun lehiaketaz betetako asteburua izan da iragandakoa. Bermeon jokatutako Euskadiko Traineru Txapelketaz gain, Lekeition ere goi mailako lehia egon zen iragan zapatuan [ekainak 7]: Lekeitioko Ikurrina lehiatu zuten. Tolosaldea eta Getaria izan ziren nagusi, hurrenez hurren, emakumezkoen eta gizonezkoen estropadetan.
Gizonezko absolutuen estropadan, Lea-Artibaiko traineruek ezin izan zuten getariarren ekina gainditu. Izan ere, Getariak ziaboga guztietan erregistro apartak egin zituen, eta garaipen handia lortu zuen lekeitiar uretan. Gipuzkoarrek 20.29,94ko denbora behar izan zuten, lanak burutzeko.
Ondarroak eta Isuntzak gizonezkoen podiuma osatu zuten; ondarrutarrak izan ziren getariarrengana hurbildu ahal izan ziren bakarrak
Sei segundotara helmugaratu zen estutasunetan jarri zituzen lehiakide bakarra: Ondarroa. Ondarrutarrek, hain zuzen ere, 20.36,05ean gelditu zuten erlojua. Bi partaide haien ondoren, zulo nabarmena ireki zen, denbora erregistroei zegokienez. Etxeko trainerua, Isuntza, podiumaren hirugarren posturaino iritsi zen, garailearengandik minutu erditik gorako aldeagaz helmugaratuta, 21.03,57ko denboran.
Ondoren sailkatu ziren San Pedro eta Deustu; borroka estua eduki zuten bi haiek, segundo bakarreko aldeagaz iritsi baitziren. Gipukoarrek 21.09,92ko denboran biribildu zuten estropada, eta bizkaitarrek, ostera, 21.10,45ean. Busturialdeari dagokionez, hamalaugarrena izan zen sailkapenean, 22.25,96ko denboragaz.

Tolosaldea, irabazle.Bermeo Arraun Argazkiak
Emakumezkoen lehian, hamar segundoren barruan jokatu zuten lehen hiruren podiuma. Tolosaldea nagusi agertu zen, 11.07,57ko denbora aparta egin ondoren. Hibaika izan zen tolosarrengandik hurren sailkatu zena, erlojua 11.15,09an geldituz. Segundo bakarrera, Hondarribia ailegatu zen, 11.16,19ko denboragaz. Etxeko lehiakidea ohorezko postuetatik urrun aritu zen; 12.15,40 denborak zortzigarren postua eman zion Isuntzari.