210 abelburugaz, lehen sektoreari "bultzada emateko" prest daude Etxebarrian
Zapatuan [ekainak 14]Ganadu Azoka egingo dute Etxebarrian, eta herriko abeltzainek hartuko dute Galartza industriagunea; animaliak ez ezik, ekoizleen hamar postu ere egongo dira bertan. Arratsaldean, ostera, zaldi jauzien erakustaldia egongo da; goren goreneko mailako jauziak ikusteko aukera egongo da.
Lehenengo sektorean lan egiten dutenek badute ospatu eta euren lana erakusteko egun bat Etxebarrian, eta aurtengoa zapatuan [ekainak 14] ospatuko da. Beste urte batez, inguruko abeltzain nahiz ekoizleen elkargune bihurtuko da Galartza industriagunea, Ganadu Azokagaz. Hala, Etxebarriko Udaletik adierazi dute lehenengo sektoreari ikusgarritasuna ematea dela helburua: “Batez ere, herriko lehenengo sektoreari bultzada eta ikusgarritasuna eman nahi diogu. Etxebarrik lehenengo sektorean potentzial oso handia dauka, eta hori da erakutsi nahi duguna”.
Hala, 210 ganadu buru elkartuko ditu aurtengo egunak; tartean egongo dira behiak (36 buru), ahuntzak (30 buru), ardiak (80 buru), zaldiak (16 buru), astoak (33 buru) eta poniak (15 buru). Animaliak ez ezik, ekoizleen hamar postu ere egongo dira, eta besteren artean, pastelak, ogiak, azeitunak eta gozokiak, barazkiak eta gazta erosteko aukera egongo da. Era berean, erreminten eta bestelako materialen postu bat ere egongo da.
Udal ordezkariek, urtero bezala, jende ugari espero dute zapatuan Etxebarrian: “Urtero etortzen da jendea, herritik, eskualdetik nahiz Gipuzkoa aldetik. Urte asko daramatzagu azoka honekin, eta gero eta indar handiagoa hartzen doala nabaritzen dugu”. Hala, aurtengoan ere bertaratzeko deia egin diete azoka zaleei, zero kilometro produktuak erosi eta lehen sektoreari bultzada emateko.
Zaldi jauzien erakustaldia. Eguna biribiltzeko asmoz, udalak zaldi jauzien erakustaldia antolatu du. 18:00etan izango da, Ibaun Zelaian, eta ez da gainera, nolanahiko erakustaldia izango. Bi markina-xemeindar eta etxebarritar bat ariko dira zaldi gainean: Nerea Azkueta (2008, Etxebarria), Jare Guenaga (2014, Markina-Xemein) eta Ziara Baskaran (2016, Markina-Xemein). Guenagak 11 urte eta Baskaranek 9, gogoz daude herritik gertu erakustaldia eskaintzeko. Bai bata zein bestea lehiaketetan aritzen dira; Guenagak, esaterako, joan den domekan [ekainak 8] Berrizen lehiatu zuen, eta Baskaranek, lehiaketa aurreko saioa eduki zuen; hurrengo astean, ostera, Espainiako Txapelketara joango da. “Lagunak eta familikoak etorriko dira, eta oso pozik nago”, adierazi du Baskaranek.
Azkuetak, ostera, 17 urte beteko ditu aurten, eta badu jada hainbat urtetako esperientzia zaldi gainean. 2020an hasi zen lehiaketetan parte hartzen, eta 2024ra bitarte, 65 podium baino gehiago lortu zituen Aurtengo urtea, ostera, “inflexio puntua” izango da Azkuetarentzat: “Kirol proiektu hau Arialde de Orobio klubeko (Iurreta) Aldara Larringanek zuzentzen du, eta talde tekniko bat dauka atzean. Urte hasieran, bere taldeagaz batera, aurrerapausuak ematen jarraitzeko aukera emango zion zaldi berri bat erostea erabaki zuen. Iñaki Romero entrenatzailearen gomendioari jarraituz, Dragibus D’Olympe A. A. eliteko zaldia eskuratu zuen, lau izarreko proben irabazlea izan dena”.
Gaur gaurkoz, pozik daude zaldiagaz lortu duten emaitzekin: “Hainbat lehiaketatan parte hartu du bikoteak. Espainiako Gazteen Txapelketan aritu da duela gutxi, eta bosgarren postua lortu zuten, aldi berri honetan duten indar handia berretsiz”. Talde teknikoa “ilusioz” dago bikotearen errendimentuagaz: “Bidea luzea da oraindik, baina emaitzek bide onetik goazela erakusten dute”. Hala, Azkuetaren hurrengo helburua abuztuan Polonian jokatuko den Europako Txapelketara sailkatzea da. Horren aurretik, baina, etxean bertan du hurrengo erakustaldia; zaldien jauzien goren goreneko maila erakutsiko du Azkuetak.