Erronka berriari heltzeko prest dago Andrak Erramutan Talde Feminista
Bermeon aurkeztuko dute aurtengo erronka ekaninaren 13an [barikua], 17:30ean, Kabidxen.

Joan den urteko erronkaren [Ondarroa-Donostia-Ondarroa] balorazio “positiboa” eginda, berriari ekiteko eta bigarrenez itsasoa hartzeko prest daude Ondarroako Andrak Erramutan Talde Feministako kideak. Aurtengoa, fisikoki “gogorragoa” izango dela azpimarratu duten arren, uztailaren 4tik 6ra bitartean egingo duten erronkarako “gogotsu” daude taldekideak: “Orioko emakumeak hasi ziren erronka honekin, eta ideia horri tiraka gauzatu genuen aurreko urtekoa. Hala, aurreko urtean Gipuzkoara joan ginen, eta aurten, Bizkaira joango gara. Helburuak berdinak izaten jarraitzen dute: gure adineko emakumeok itsasoa hartu, gure aldarrikapenak plazaratu eta geldialdiak egiten ditugun herritako mugimendu feministekin sareak sortu”.
Ondarroatik Donostiara, eta handik berriro Ondarroara. Horrela gauzatu zuten iazko erronka; aurten, ordea, Bilbora joango dira. Uztailaren 4an traineruan sartu eta Bilbora arteko bidaia egingo dute arraunlariek: “Iaz hiru trainerurekin atera ginen, baina aurten bakarrarekin egingo dugu. Guztira, 30 kidek hartuko dugu parte erronkan. Uztailaren 4an aterako gara Bilbora Ondarroatik, eta zati hori jarraian egingo dugu uretatik, porturik ukitu gabe. Beraz, aldaketak ere uretan gauden bitartean egingo ditugu”. Erronkak azpiegitura aldetik “lan handia” eskatzen duela azpimarratu dute Andrak Erramutan Taldeko Kideek: “Arraunlariez gain, talde polita daukagu lehorretik laguntzen; bestela, ezinezkoa litzateke”.
Beraz, barikuan [uztailak 4] Bilbora heldu ondoren, zapatu goizean [uztailak 5], bertako mugimendu feministarekin batu, manifestua irakurri, eta Bermeora joango dira arraunean: “Oraindik ekitaldiaren nondik norakoak zehazteko ditugun arren, gure helburua, heltzen garen herri guztietako mugimendu feministarekin harremana egitea da”. Hala, Bermeon ere formatu berdina mantenduko dute: “Bermeon ere, adierazpen feminista zabalduko dugu lau haizetara. Gainera, barikuan [ekainak 13] dokumentalaren eta aurtengo erronkaren aurkezpena egingo dugu Kabidxen, Bermeoko mugimendu feministarekin batera. Uztailaren 5ean [zapatua] bertan egingo dugu lo, eta ondoren, Ondarroarako bidea hartuko dugu”. Hala ere, Ondarroara heldu aurretik Lekeition geldituko da Andrak Erramutan taldearen trainerua: “Iazko erronkan Lekeitioko mugimendu feministak asko lagundu zigun, eta dokumentala ere aurkeztu genuen Andraetxean. Entrenamendu batzuk ere egin genituen bertan. Beraz, iaz egindako harremana aprobetxatuta, geldialdia egingo dugu bertan Ondarroara heldu aurretik. Bertatik bi traineruagaz ateratzea da helburua, baina oraindik zehazteko daukagu”.
Andrak Erramutan Talde Feministako kideek, aurtengo erronka, “iazkoa baino gogorragoa” dela azpimarratu dute: “Fisikoki gogorragoa izango da, baina aurreko urteko esperientzia kontutan hartuta, egiteko gai garela uste dugu. Beti ere, laguntzarekin”. Kilometro aldetik, 74 kilometro inguru egingo dituzte; guztira, 42 milia. “Urrian hasi ginen berriro erronka prestatzen, eta prozesua luzea izan bada ere, taldea gogotsu dago. Hilabete baino gutxiago gelditzen diren honetan, urduritasuna ere nabaritzen da. Lehenengo urtean, oso urduri geunden, ez baikenekien nora gindoazen. Aurten, esperientzia badugu, baina hala ere, ez da berdina izango eta erronkako egunak hurbildu ahala, geroz eta urduriago gaude”.
Erronkaren prestaketan jarri dute fokua Andrak Erramutan taldeko kideek, eta uztailak 4tik 6ra bitarteko erronka aurreko lan guztiaren emaitza dela nabarmendu dute: “Taldea zabaltzeko ideia beti izan dugu, eta inolaz ere ez da talde itxia gurea. Hala ere, aurten, lan handia egin dugu azpiegitura guztia antolatzen: trainerua, entrenamenduak, entrenatzailea… Izan ere, emakume entrenatzailea aurkitzea zaila izan da, eta guk argi geneukan, eskuartean daukaguna proiektu feminista den heinean, entrenatzailea emakumea izatea lehenetsi behar genuela. Beraz, aurreko lan guztia koordinatzea erraza izan ez denez, zaila egin zaigu taldea zabaltzea. Hortaz, aurten ere aurreko urtekook egingo dugu arraun, baina behin erronka amaitu ondoren, gure helburua taldea zabaltzea izango da“.
Azkenengo txanpan sartu berri dira Andrak Erramutan Talde Feministako kideak, eta bigarrenez itsasoa hartzeko prest daude: “Azkenengo kontuak lotzen gabiltza. Urduritasuna nabari da gure artean, baina gogotsu gaude, itsasoa hartu, aldarrikapenak plazaratu eta esperientzia berriro bizitzeko. Ez da izango iazko berdina, baina iazko erronkaren oroitzapenak presente izanda, berrien bila goaz”.