Kulturaz blai dator uda Mutrikura
Gure Ametsa Dantza Taldearen emanaldiarekin emango diote hasiera Mutrikuko udako kultur egitarauari, uztailaren 5ean [zapatua].

Urtero legez, Mutrikuko Udalak udako kultur egitaraua aurkeztu du. Aurten ere, herriko taldeek protagonismo “berezia” izango dute egitarauan; hala, Gure Ametsa Dantza Taldearen emanaldiarekin emango diote hasiera. “Azken urteetako ildoari jarraituz, egitarau anitza eta kalitatezkoa antolatzea izan da helburua”, adierazi dute Mutrikuko Udaletik.
Dantza taldea 60. urteurrena ospatzen ari den honetan, uztailaren 5ean [zapatua] “emanaldi berezia” eskainiko dute; izan ere, dantza taldeaz gain, Mutrikuko Musika Banda, Akordeoi Taldea, Madalen Abesbatza eta Mutrikuko Txistulari Taldea ere emanaldiaren parte izango dira. “Elkarlanean ondutako lan ederra izango da”, azpimarratu dute Mutrikuko Udaletik.
Hurrengo hitzordua uztailaren 11n [barikua] izango dute mutrikuarrek, Anaiarte Abesbatzaren kontzertuarekin: “Anaiarte Abesbatzaren kontzertuarekin emango diogu amaiera herriko taldeen udako emanaldiei”.
Uztaileko ekitaldiei amaiera emateko asmoz, uztailaren 19an [zapatua] Izaki Gardenak taldeak Orube lana aurkeztuko du Txurruka Plazan. “Uztaileko kontzertu guztiak 22:30ean hasiko dira, Goiko plazan”.
Abuztuari dagokionez, Olaia Inziartek emango dio hasiera hilabeteari, abuztuaren 2an [zapatua] eskainiko duen kontzertuarekin. Zerrautsa izeneko lana aurkeztera igoko da oholtzara artista nafarra. Abuztuaren 9an [zapatua] Mariachi Imperial de Guajanajuato taldearen txanda izango da. Abuztuko bi kontzertuak ere Goiko plazan izango dira, 23:00etan.
Malen jaiak. Mutrikuko Udalak Malen jaietako kontzertuen zenbait aurrerapen egin ditu. Malen bezperan [uztailak 21] DJ Rikki mutrikuarrak girotuko ditu herriko kaleak, eta Kuadrilla Egunean [uztailak 24] Suneren kontzertua egongo da. “Aipatutakoez gain, Fan&Go erromeriak, Goazen! karaokeak eta Kukai Dantza Konpainiak osatuko dute jaietako egitaraua, besteak beste”.
EGITARAUA
Uztailak 5, zapatua
- 22:30: Gure Ametsa Dantza Taldearen emanaldia. Txistu Taldea, Mutrikuko Musika Banda, Akordeoi taldea eta Madalen Abesbatzaren laguntzarekin. Goiko plazan.
Uztailak 11, barikua
- 22:30: Anaiarte Abesbatzaren kontzertua, Goiko plazan.
Uztailak 19, zapatua
- 22:30: Izaki Gardenak taldearen kontzertua, Goiko plazan.
Abuztuak 2, zapatua
- 23:00: Olaia Inziarteren kontzertua, Goiko plazan.
Abuztuak 9, zapatua
- 23:00: Mariachi Imperial de Guanajijatoren kontzertua, Goiko plazan.