Laboa jaio zeneko 91. urteurrena ospatuko dute
Mikel Laboa abeslari eta musikagile donostiarraren jaiotzaren 91. urteurrena ospatzeko elkartuko dira lekeitiarrak, domekan [ekainak 15.]
Mikel Laboa abeslari eta musikagile donostiarraren jaiotzaren 91. urteurrena ospatzeko elkartuko dira lekeitiarrak, domekan. Urtemuga Isuntza hondartzan dagoen Laboaren omenezko horma-irudiaren aurrean Txoria txori kantatuz ospatuko dute. 12:00etan jarri dute hitzordua, «bertaratu nahi duten guztientzat».
Urteurrenaz gain, Lekeitioko Udalaren laguntzagaz horma-irudia berriztu dutela ere ospatuko dute bertaratzen direnek: «Oso kalteturik zegoen, eta domekan ospatuko dugu berriro egoera onean dagoela», adierazi dute ekimenaren deitzaileek. Carlos Baudi artista bilbotarra arduratu da horma-irudiaren berritze lanetaz. Bertan, Kontsolarik ez! denbora ez da luzea, ustelak lurpera bizitza da haundiena galtzea, litzateke galtzea dena! testua irakur daiteke.
Hiru horma-irudi.
Antolatzaileek diote munduan zehar Lekeition dagoena bezalako «hiru horma-irudi baino ez» daudela, guztiak grafiti egile ezezagunek eginak.
Lehenengoa Donostiako Antiguo auzoan dago, «bertan bizi zelako Mikel Laboa». Bigarrena, Baztango Arizkun herrian dago: «Bertara maiz joaten zen Laboa familiarekin». Eta, hirugarrena da Lekeitiokoa, Isuntza hondartzan «itsasoari begira» dagoena. «Ezaguna da Laboak oso harreman estua zuela Lekeitiorekin». Izan ere, 36ko gerran, Gardatako baserri batean bizi izan zen Laboa «hainbat urtez» eta Lekeitioko portuan osabarekin ibiltzen omen zen: «Horregatik, bere musika lan esperimentalari Lekeitio izena jarri zion».