Markina Shots, XX. urtea ospatuz
Bihartik [ekainak 12] hasi eta zapatura [ekainak 14] bitartean zazpi kontzertu entzuteko aukera egongo da Markina-Xemeingo kaleetan.
Rock zaleak ez ezik, denetariko musika zaleak elkartuko ditu XX. Markina Shots jaialdiak. Ezinbesteko hitzordua bihurtu da herritarren nahiz ingurukoen artean, eta bihar [ekainak 12] hasi eta zapatura [ekainak 14] arte ez du etenik izango.
Hiru egunetarako eskaintza zabala prestatu dute, zazpi kontzertu, hain zuzen ere. Hala, bihar [ekainak 12] 19:00etan Los Retumbes (Barakaldo) taldearen txanda izango da: “Kalez kale ibiliko gara haien rock&roll dantzagarriarekin. Irrikitan gaude”.
Barikuan [ekainak 13] ostera, hiru kontzertu egongo dira, 20:00etan: Señor No (Donostia), Cujo (Getxo) eta Aterkings (Markina-Xemein). Cujo eta Señor No taldeek Markina Shotsen lehenengo eta hamargarren aldietan jo zuen, eta ohiturarekin jarraitu nahi izan dute, XX. aldian ere euren kontzertua eskainiz.
Azkenik, zapatuan [ekainak 14], ordu berean, beste hiru kontzertu eskainiko dituzte. Alde batetik, Kaskezur talde iruindarraren txanda izango da: “20 urteko ibilbidea duen talde nafarrak lan berria aurkeztuko digu, haien seigarren altxorra: Deus. Ez hutsik egin”. Frantziatik eta Bartzelonatik helduko diren doinuak ere egongo dira: “Sustrai alemaniarrak dituen Ian Kay musikari frantsesa izango dugu gurean. Bartzelonan eman ditu azken urteak bere soinu ausarta sortuz. Giroa astinduko du bere energia gordin eta elektrikoarekin”. Azkenik, Oportoko TT Syndicate taldearen txanda izango da.
Korribeer. Garagardoak ere, ohi bezala, bere tokia edukiko du jaialdian. Zapatuan, kontzertuen aurretik Korribeer egingo dute. 19:00etan emango diote hasiera lasterketari, Kontzejupean. Hiru itzuli eman beharko dituzte herrian zehar, eta taldekide guztien artean hiru garagardo edan beharko dituzte; taldeak bat eta sei pertsona bitartekoak izango dira. Irabazleek 100 euro, txapela eta garagardo bana eskuratuko dituzte, eta bigarrenek, 50 euro eta garagardo bana.