Mutriku Sokatira Taldea, lur gainean laugarren
Mutriku Sokatira Taldeak laugarren postuan amaitu du gizonezkoen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa, 640 kiloko kategorian. Gaztedi A taldea nagusitasun osoz gailendu da.

Onenekin lehian aritu ondoren, Mutriku Sokatira Taldeak amaitu du gizonezkoen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa, 640 kiloko kategorian. Mutrikuarrek laugarren postuan amaitu zuten lehiaketa iragan zapatuan [ekainak 7], Mungiako final handian. Txapelketaren kategoria horretan gertatu den legez, Gaztedi A taldea nagusi azaldu zen.
Hain zuzen, 14,5 punturekin poltsikoratu du lehiaketa Gaztedi Ak. Bigarren sailkatua Goiherri izan zen, puntu bi gutxiagorekin. Lehen hiruren podiuma Akelarrek osatu zuen, 7,5 puntu patrikaratu ostean. Mutriku STk, bere aldetik, 7 puntuko uzta jaso zuen, eta Gaztediren B taldeak, ostera, 3,5 puntukoa.
Lur gaineko lehiaz gain, gizonezkoen Euskadiko Lasto Altxatze Txapelketa ere jokatu zuten Mungian; Oier Gonzalez Galdeano gailendu zen, Beñat Amade Fullaondoren eta Mikel Gonzalez Galdeanoren aurretik. Halaber, Euskadiko Trontza Misto Txapelketa ere lehiatu zuten; 6 minutu eta 48 segundoko marka ezarrita, Garbiñe Lopez de Uralde Martinez de Soriak eta Ion Lapazaran Etxebarriak osatutako bikotea gailendu zen.
Ekainaren 28an, Mutrikuk gizonekoen 600 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldiak hartuko ditu
Egutegia.
640 kiloko kategoriak bereak eman dituen arren, lur gainekoak aurrera darrai eta, hain zuzen ere, hurrengo hitzordua zapatu honetan [ekainak 14] edukiko dute tiratzaileek, Erandioko Martiartu San Antonion. Gizonezkoen 600 kiloko lehiaren lehendabiziko jardunaldia jokatuko dute bertan, baita emakumezkoen 540 kilokoaren estreinakoa ere. Ekainaren 28an, Mutrikuk hartuko du kategoria horien bigarren jardunaldia, eta finalak uztailaren 5ean jokatuko dituzte, Laukizen.
Ondoren, uztailaren 12an, Erandioko Goiherri San Kristobalek gizonezkoen 560 kiloko eta emakumezkoen 500 kiloko lehiaren lehen tiraketak hartuko ditu; bigarren hitzordua uztailaren 19an edukiko dute, Laukizen. 580 kiloko mistoen finala Erandiok hartuko du, uztailaren 25ean. Egun bi beranduago, 27an, txapelketa Laukizera lekualdatuko da, gizonezkoen 560 kilokoaren eta emakumezkoen 500 kilokoaren final handiak han jokatzeko.