'Txondorretik burdinolara' erakusketa zabalduko dute domekan
Ahaztuen Oroimena taldeak 'Txondorretik burdinolara' argazki erakusketaren irekiera hitzaldia egingo du domekan [ekainak 15] Antsotegi Hotelean; hitzaldira joateko izena eman behar da. Erakusketa zabalik egongo da abuztu amaierara arte.
Ahaztuen Oroimena taldeak memoria berreskuratu eta betirako gordeta geratu dadin hainbat ekintza egiten ditu Markina-Xemeinen nahiz inguruetan, eta euren hurrengo egitasmoa domekan [ekainak 15] ipiniko dute martxan. Txondorretik burdinolara izenagaz, argazki erakusketa egongo da Antsotegi Hotelean abuztu amaierara arte.
Taldeko kideek azaldu dutenez, 2018ko abenduan Markina-Xemeinen auzolanean egindako txondorra eta bere ondarea daude oinarrian: “Txondor horren prozesua amaitu eta gero, argazki erakusketa bat antolatu genuen. Material hori gordeta egon da orain arte, eta pentsatu dugu materiala berrerabili eta beste erakusketa bat sortzea. Oraingoan, ikatzaren erabilera eta burdinolak lotu ditugu”. Hala, Antsotegi Hotela erakusketa ipintzeko toki egokia zelan pentsatu zuten: “Antsotegi burdinola izan zen, eta ikatz kopuru handiak egiten ziren eurentzat”. Hori horrela, 45 panelez osatutako erakusketa ipiniko dute bertan.
Domekan, erakusketaren irekieragaz batera, aurkezpen hitzaldia emango dute, 11:30ean. Alde batetik, Eneko Arrate txondorgile taldeko partaideak hitz egingo du: “Txondorra nondik nora eta zelan egin genuen azalduko du. Era berean, lehengo biztanleen basoko jakintzari buruz ariko da, eta horren transmisioari zer nolako garrantzia eman nahi diogun eztabaidatuko dugu, ze, jakite hori galduta dago. Gu ahalegindu gara hori berreskuratzen, eta nolabait lortu dugu gordetzea; horri buruz hitzegingo du”.
Ostean, Ahaztuen Oroimena memoria elkarteko kideek hartuko dute hitza: “Txondorraren kontu honekin lanean hasi ginenean aurkitu genuen Markiñan fortifikazioak egin ziren garaian bertoko baserritarrek zeregina eduki zutela horretan; ez dakigu ziur zertan, baina uste dugu txondorrak bide berrietako galipota berotzeko-edo izan zirela. Eta hortik tiraka, ikatzak historikoki izan duen erabilpena azalduko dugu”.
Azkenik, aurkezpenagaz amaitzeko, Asier Aretxabaletak hartuko du hitza. Historian atzera egin, eta garai bateko ikatzaren ekoizpenak zer nolako garrantzia izan zuen azalduko du. Basogintza historikoa, uraren indarra, olagizonak eta olajaunak izango ditu hizpide.
Hiru hizlariek guztira ordubete inguruko hitzaldia eskainiko dute, izan ere, Ahaztuen Oroimena taldekoek bertaratutakoen ekarpenak jaso nahi dituzte: “Ahaleginduko gara hitzaldi ez oso luzea egiten. Toki mugatua eta hurbilekoa da, eta horri ere garrantzia eman nahi diogu, jendeak dituen galderak egitea, euren ekarpenak entzun…”. Hala, deia egin diete Markina-Xemeingo, Etxebarriko nahiz inguruko herritarrei erakusketaren irekierara bertaratzeko; hitzaldira joateko izena eman behar da 94-616 91 00 telefonora deituz.