Jaiak hasteko egarriz daude Oletan
Zapatutik [ekainak 14] astelehenera [ekainak 16] ospatuko dituzte aurten Oletako jaiak. Eraso matxisten kontrako protokoloaren aurrelanketan indarrak jarri dituzte antolatzaileek.
“Betiko formatuagaz” datoz Oletako jaiak, eta auzotarrak, aurten ere, “gogotsu” daude jai girorako. Zapatuan [ekainak 14] hasi eta astelehenera [ekainak 16] bitarte festa izango da nagusi Oletan. “Azkenengo urteetan oso ondo funtzionatu du formatu honek, eta aurten ere errepikatu egingo dugu. Jende asko batzen da jaietan, eta eskualdeko herrietatik ere jendea etortzen da. Espero dugu aurten ere horrela izatea”, zehaztu dute antolatzaileek. Aurten ere, urtero legez, musikak protagonismo handia izango du txosnagunean.
Hala, urteroko tortilla txapelketagaz emango diote hasiera jaiei zapatuan [ekainak 14]. Auzotarrak batzen diren momentua izaten da, eta aurten ere, urteroko partaide kopuru antzekoa espero dute antolatzaileek: hamar talde inguru. Parte hartzaileek 20:30erako aurkeztu beharko dituzte tortillak. Ondoren, musikak hartuko ditu auzoko txoko guztiak. Txapela Brava izango da oholtzara igotzen lehena, 22:30ean, eta Dupla bigarrena, 00:30ean. DJ Arenek emango dio amaiera gauari, 02:00etan. Kontzertuak orde bete beranduago hastekoak baziren ere, azken momentuko aldaketen ondorioz, aurreratu egin behar izan dituzte antolatzaileek. “Beti bezala musikak presentzia handia izango du jaietan. Kontzertu on bat jartzeak ekonomikoki asko suposatzen du, eta kontuan hartu behar da ez dugula sarrerarik kobratzen. Horregatik, eguraldiaren menpe egoten gara, euria egingo duen edo ez, arduratuta”.
Domekan [ekainak 15] zelaian egingo duten mezagaz emango diote hasiera egunari, eta ondoren, Arta-Nagusi dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera egongo da. Bazkalorduan tripa bete ondoren, arratsaldean, Urtza Herri Kirol taldearen ikuskizuna egongo da: “Herri kirolariek ikuskizuna eskainiko dute. Herri kirolek ondo funtzionatzen dute; beraz, aurten ere, beraiek etorriko dira”.
Astelehenean [ekainak 16] umeak izango dira protagonista Oletan. Izan ere, auzoko zein inguruko herrietako ume eta gurasoak elkartzen dira bertan. 17:30ean puzgarriak egongo dira, baita umeen jolasak ere. Hala, Bat, Bi Hiru Festa! taldea arduratuko da auzoa girotzeaz: “Duela urte batzuk jai batzordetik antolatzen genituen umeen jolasak, baina azken urteetan Bat, Bi, Hiru Festa! etorri da jolasak dinamizatzera. Lekeitioko neska bat etortzen da, eta oso ondo lan egiten du umeekin. Egun honetan, inguruko herrietako guraso eta umeak ere etortzen dira, eta giro ederra sortzen da”.
Jaiak goi-goitik amaitzeko, iaz bezala, Akerbeltz erromeria igoko da oholtza gainera, 22:00etan. Ondoren, erromerian bertan abeslaria den Jonkass arituko da DJ lanetan, festa amaitu arte.
Antolakuntza. Jaiak antolatzeko orduan auzotarren erantzuna “ona” izaten dela azaldu dute antolatzaileek. “Auzotarrez gain, herritik ere etortzen dira txanden bidez jaietan laguntzera; gazte zein nagusi. Elkarlanean antolatzen ditugu jaiak, bakoitzak ahal duen neurrian lagunduz. Oletako jaietara etortzen den jende kopurua kontuan hartuta, denon laguntza beharrezkoa da; bestela, ez litzateke posible izango”.
Erasoen matxisten kontrako protokoloa. Aurreko urteetan ere eraso matxisten kontrako protokoloa izan duten arren, aurten, indar gehiago jarri dute aurre lanketan. “Herritarren aurrean aurkeztu genuen, eta garatzen joan garen heinean, konturatu gara, aurretik ere nahiko ondo bideratuta gindoazela. Azken finean, ez da soilik barra barruan gaudenon ardura, sentsibilizazio sare bat beharrezkoa da. Guzti honetarako puntu morea egoteak lagundu egiten du”.
Autobus zerbitzua. Oletako jaietara joan eta bueltatzeko erraztasunak daudela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala, zapatuan eta astelehenean Lekeitiotik autobusa egongo da. Zapatuan, 22:00etatik 06:00etara, eta astelehenean, berriz, 22:30etik 05:00etara. Bi egunetan Mandaskatik aterako dira autobusak. Horrez gain, Gababus zerbitzua ere egongo da. Joaneko bidaietarako herri bakoitzak bere ordutegia izango du, eta itzulera 03:00etan eta 05:00etan edukiko dute denek, Oletako autobus geltokitik.
EGITARAUA
Ekainak 14, Zapatua
- 20:30: Tortilla txapelketa.
- 22:30: Txapela brava.
- 00:30: DUPLA.
- 02:00: DJ Arene.
Ekainak 15, Domeka
- 12:30: Meza Oletako zelaian.
- Ondoren: Arta-Nagusi dantza taldearen saioa.
- 18:30: Urtza herri kirol taldearen ikuskizuna.
Ekainak 16, Astelehena
- 17:30: Puzgarriak eta umeen jolasak Bat, Bi, Hiru Festa!-k girotua.
- 22:00: AKERBELTZ erromeria.
- Ondoren: DJ Jonkass.