Leire Gomez Aristondo: "Kantuan zertarako gai naizen erakutsi nahi diot herriari"
Gau Liriko Korala deituriko kontzertua eskainiko du bihar Leire Gomez Aristondok (Ondarroa, 1985), Kantaize abesbatzarekin eta Itziar Barredo errepertoristarekin batera, Ondarroan. Kontzerturako "gogotsu" dago sopranoa, urte hauetan guztietan landutakoa erakutsi nahi baitio herriari.

Txikitatik izan du lotura estua musikarekin Leire Gomez Aristondo (Ondarroa, 1985) sopranoak; izan ere, bere amaren harridurarako, Mozarten CDak eskatzen zizkion opari gisa umea zenean. Hala, ordutik, esfortzu eta sakrifizio handiarekin, bere ibilbidea osatuz joan da. Besteak beste, Jose Ramon Arteta, Nuria Orbea, Itziar Barredo, Olatz Saitua eta Miren Urbieta-Vega izan ditu irakasle gisa bidelagun urte hauetan zehar. Kantuan jarraitzea da bere asmoa, eta bihar Kantaize Abesbatzarekin, Gau Liriko Korala deituriko kontzertua eskainiko du bere sorterrian, Itziar Barredok pianoarekin laguntzen dion bitartean.
Musikarekin betidanik izan duzu lotura estua, baina 16 urtegaz hasi zinen kantuan.
Txikitatik izan dut lotura musikarekin, nahiz eta nire etxean ez zegoen hainbeste. Hau da, ni nintzen bakarra. Ama asko harritzen zen opari gisa Mozarten CDak eskatzen nizkionean. Ume guztiek bezala, nik ere abeslaria izan nahi nuen, nola ez. Hala ere, umea nintzenetik ibili naiz musika eskolan, eta zeharkako flauta ere jotzen nuen. 16 urterekin koroan hasi nintzen, eta ondo abesten nuela-eta, bigarren iritzi baten bila joan ginen, nire gurasoek ez baitzuten musikaren mundua ulertzen.
Non aurkitu zenuen bigarren iritzia?
Nire anaiak Ainhoa Artetaren anaiarekin egiten zuen lan, eta horrela jakin genuen bere aitak, Jose Ramon Artetak, klaseak ematen zituela. Beraz, beregana jo genuen, eta proba bat egin ondoren, prest agertu zen erakusteko; 17 urte nituen.
Lehenengo irakaslea Jose Ramon Arteta izan zenuen, beraz. Hala ere, hasiera besterik ez zen izan.
Artetarekin hasi nintzen, eta gero, Erasmusa egin nuenean, Milanen Silvia Chiminelli izan nuen irakasle. Handik bueltan, Nuria Orbearekin hasi nintzen, eta hark EHUk udan eskaintzen dituen kantuko klaseetara bideratu ninduen. Irakasle oso onak zeuden bertan, eta pila bat ikasi nuen. Orbeak komentatu zidan kontserbatorioan irakasle oso ona den Olatz Saituak klaseak ematen zituela. Azken finean, ez da erraza norbere ahotsaren ezaugarriak kontuan hartuta, hauek indartuko dituen irakaslea aurkitzea. Orbea ni baino lirikagoa da. Beraz, kontserbatorioko probak egin, eta sartu ostean, Olatz Saituarekin hasi nintzen. Sei urte egin nituen kontserbatorioan, eta benetan gogorrak izan ziren urte horiek, lanagaz uztartu behar izan bainituen. Gainera, Bilboko Operako Koruko kolaboratzaile ere banintzen momentu hartan. Itziar Barredo izan zen nire errepertorioko irakaslea, eta behin kontserbatorioa amatuta, Miren Urbieta-Vegarekin jarraitu nuen, klase pribatuetan.
Ahotsaren ezaugarriak kontuan hartuta, nola bideratu zintuzten toki batera edo bestera?
Ez da izaten klasifikazio erraza. Gainera, batzuetan, sentsazioa da bai ala bai etiketatu behar zaituztela. Baina etiketa hori ez da hain zehatza; izan ere, ahots batek ezaugarri asko ditu. Ni betidanik etiketatu naute liriko arin bezala. Hala ere, nahiz eta nire ahotsaren ezaugarriak bide horretatik joan, edo erraztasuna eduki horrela kantatzeko, niretzat ez da erosoena. Erdibidean erosoago sentitzen naiz.
Ahotsa asko eta ondo zaindu behar izan duzu; finean, ahotsa baita zure tresna. Zaila izan al da?
Oso zaila izan da. Nire gaztaroan asko mugatu nau ahotsa zaindu beharrak. Adibidez, tabakoaren kea ezin dut arnastu, segituan sikatzen baitit ahotsa. Kalera ateratzeko orduan, batez ere parranda testuinguruan, asko zaindu behar izan dut. Segituan sumatzen nuen ahotsa sikatzen, eta agobiatzen hasten nintzenean, etxera joaten nintzen, ez bainuen gozatzen.
Kantua, eta orokorrean, musika klasikoaren mundua nahikoa elitista izan da beti. Nolabaiteko esfortzua suposatu dizu horrek?
Ekonomikoki esfortzu oso handia egin dute nire gurasoek, oso-oso garestia baita bidea. Zortea izan dut, familiak sakrifizio hori egin zuelako. Eta horregatik hartzen nuen hain serio. Nik ez nekien non amaituko nuen, baina banekien nire gurasoak diru asko zeudela gastatzen nire klaseekin, eta pribilegio hori eman zidatela. Beraz, ezin nuen permititu parranda bota, eta hurrengo egunean klasea ez aprobetxatzea.
Gaztaroan asko mugatu nau ahotsa zaindu beharrak.
Gaur egun, aukera gehiago daudela esan daiteke?
Bai, beno, aukera gehiago egon daitezke. Baina lehen esan bezala, herri txikietan ez dauzkagu hainbeste. Beti hiriburuetara jo behar dugu kantuan, edo, orokorrean, kulturgintzan karrera profesionala izan nahi badugu. Eta honek kostua handitzen du, jakina. Ez da bide erraza, harremanak egin behar dira, jendea ezagutu. Bestela, zaila da mundu honetan leku bat izatea.
Zergatik?
Gaur egungo gizartean kulturari ez zaio ematen beharko lukeen tokia eta lehentasuna. Murrizketak daudenean ere, kulturatik kentzen da lehenengo. Pertsonon kritikotasuna eta sentsibilitatea garatzeko beharrezko tresna da kultura, baina ez da horrela ikusten.
Izan ere, zuk zeuk ere, kontserbatorioko gradua egin aurretik itzulpengintzako ikasketak egin zenituen.
Bai, hala da, eta gaur egun gaztelaniako irakaslea naiz. Kontserbatorioko ikasketak sei urtekoak dira, eta Batxilergoa bezala sailkatuta dago. Normala al da hori? Ba al dakizu zenbat ordu inbertitu nituen sei urte horietan? Musikarionganako errespetu falta iruditzen zait. Gainera, kontuan hartuta nolako exijentzia eta diziplina maila behar den, are gehiago.
Ekonomikoki esfortzu oso handia egin dute nire gurasoek, oso-oso garestia baita bidea. Zortea izan dut, familiak sakrifizio hori egin zuelako. Eta horregatik hartzen nuen hain serio
Lan handia egin duzu gaur egun zauden lekura heltzeko. Urte guzti hauetan, zer eman dizu kantuak?
Abesteak nire burua ezagutzeko aukera eman dit. Asko ikasi dut, eta egunerokotasunerako pila bat tresna eman dizkit. Oholtza gainera igotzen ere ikasi dut, urduritasuna kontrolatzen, arnasa hartu eta aurrera egiten. Pertsonalki, lan handia egin dut, baina nire gorputza eta honen funtzionamendua ezagutu ditut.
Bihar abestuko duzu Ondarroako Andra Mari elizan, 19:30ean, Kantaize herriko abesbatzagaz, eta Itziar Barredo arduratuko da pianoaz.
Kontzertu oso interesgarria eta potentea izango da. Ordena bat jarraitze aldera, atalka banatu dugu; lehenengo, konpositore italiar belkantisten kantuak abestuko ditugu, gero, frantsesak, ondoren, italiar erromantikoak, eta azkenik, euskaldunak. Egitura eta zentzu bat eman nahi genion kontzertuari. Kanta ezagunak eta ederrak dira guztiak. Niretzat, pertsonalki, bokalki kontzertu gogorra izango da, ez dut deskantsu handirik edukiko. Estilo zaharretik berrira sailkatu ditugu abestiak, eta euskaldunekin amaituko dugu. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun Ondarroan abesti euskaldunak abestea. Gainera, Itziar Barredo egongo da piano jotzaile lanetan, eta Ondarroak jakin beharra dauka nolako profesionala den Barredo.
Gaur gaurkoz, oraindik, musika klasikoa profil konkretu batek kontsumitzen duela uste duzu?
Egon daitezke profil desberdinak tarteka, baina orokorrean, tamalez, adinez nagusia den publikoa dauka gehien bat musika klasikoak. Ni, berez, ez naiz musika irakaslea, baina tokatu izan zait batzuetan, eta ikasleei beti jarri izan diet musika klasikoa. Logura ematen diela erantzun izan didate, baina, txarra al da hori? Musika beti dantza egiteko izan behar al da? Erlaxatzea negatiboa al da? Mundu guztia gonbidatu nahiko nuke biharko kontzertua entzun eta ikustera. Bizitzan behin bada ere egin beharrekoa da; eman aukera bat musika klasikoari, eta egin ondorengo galdera zure buruari: gozatu al dut?
Zer suposatzen du zuretzat Ondarroan abesteak?
Hainbeste urtetako lanaren ondoren, nire zati bat eman nahi diot Ondarroari. Niretzat herrian abestea oso garrantzitsua da. Kantuan zer egiteko gai naizen erakutsi nahi diot nire herriari.
Hainbeste urtetako lanaren ondoren, nire zati bat eman nahi diot Ondarroari