Tradizioak eta ohiturak herrira zabalduz
Ondarroako Galiziar Etxeak Galiziako Letren Eguna eta Karmen jaiak ospatu zituen asteburuan.

Galiziako Letren Eguna eta Karmen jaiak ospatu ditu asteburuan Ondarroako Galiziar Etxeak, Ondarroako Udalaren, Eikaren eta Galiziako Xuntaren laguntzagaz. Urteroko hitzordua da honakoa, eta Galizia eta Euskal Herriaren arteko “sareak ehuntzeko aproposa” dela zehaztu dute antolatzaileek. Galiziar Etxetik asteburuaren balorazio “ona” egin dute, nahiz eta aurreko urteetan baino jende gutxiago ibili den aurten: “Eguraldiari eta giroari dagokionez, asteburu hobea espero genuen. Hala ere, zenbait oztopo izan ditugun arren aurrera atera dugu asteburua, eta aurreikusitako ekimen guztiak gauzatu ditugu. Gainera, helburuak bete ditugula esan genezake, gure tradizioa eta ohiturak erakutsi eta zabaldu ditugulako”.
Ondarroako Galiziar Etxeko gaitero taldea den Os Novos Mariñeirosek eman zien hasiera barikuan [ekainak 13] ekintza kulturalei. Gainera, egun osoan zehar, Galiziako gastronomia eskaintzaren salmenta ere egon zen. “Barikuan Dj zirkin eta Xaibor izan ziren oholtzara igo eta plaza girotu zutenak”.
Zapatuan [ekainak 14] ere askotariko ekintzak egon ziren Itsasaurren. 12:00etan Galiziako Letren Eguneko omenduei egindako ekitaldia egon zen: Adolfina de Rosa Casas, Eva Castiñeira, Prudencia eta Asunción Garrido eta Manuela Lema. Ondoren, gonbidatu eta agintariei harrera egin zieten, Zerutxu dantza taldearen emanaldiagaz batera. “Eguraldiak ez zuen lagundu eta ez zen hainbeste jende ibili zapatuan. Gainera, ekimen ezberdinak zeuden herrian, eta aurreko urteekin alderatuta, jende gutxiago ibili zen. Hala ere, dena ondo atera zen”.
Domekan [ekainak 15] meza santua eta prozesioa egin zuten Karmengo Amaren omenez, eta ondoren Os Jarteiriños Nose Xente taldeak emanaldia egin behar bazuen ere, ez zen posible izan: “Euskal Herriko galiziar etxeen elkarteko gure kide diren Oj Jarteiriños Nose Xente taldeak autobus istripua izan zuen, eta beraz, ezin izan ziren gurekin egon domekan. Hala ere, denak ondo daude, eta hori da garrantzitsuena”. Beraz, domekako meza santua eta prozesioa moldatu egin zuten antolatzaileek.
Datorren urtean ere jaiarekin jarraitzeko asmoa dauka Ondarroako Galiziar Etxeak. “Etorri zen jendea oso gustura egon zen, eta jaia gustuko zutela esan ziguten askok. Animatu egin gintuzten, gure ohitura eta tradizioak zabaltzen jarraitzeko eskatuz”.
Argazkiak: Ondarroako Udala.



























