Xiri Egunaren balorazio "positiboa" egin du Mutrikuko Rock Kolektiboak
Egun osoko egitarauarekin ospatu zuten mutrikuarrek hirugarren Xiri Eguna. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, antolatzaileek egunaren balorazio "positiboa" egin dute.

Mutrikuko Rock Kolektiboak antolatuta hirugarrenez ospatu zuten zapatuan [ekainak 14] Xiri Eguna. Antolatzaileek egunaren balorazio “positiboa” egin dute: “Eguerdiko Azkaiter Pelox kontzertua amaitzen zegoela euria hasi zen. Pena handia hartu genuen; Xiri guneak ez daukanez aterperik, arratsaldeko kontzertuak gaztetxean egin behar izan genituen. Hala ere, nahiz eta euria hasi, egitarau guztia aurrea atera genuen eta pozik gaude horrekin”.
11:30ean hasi zuten eguna mutrikuarrek, Dultzaineroen dianarekin, eta 12:00etan Larrain dantzan batu ziren, Goiko Plazan. “Gure Ametsa dantza taldeko kideak ere animatu ziren, eta kuadrillatxo bat batu ginen Larrain dantzan”. Ondoren, kalejiran abiatu ziren Xiri gunera, eta bertan, Azkaiter Pelox taldeak kontzertua eskaini zuen.
Nahiz eta eguerdian euria egin Mutrikuko erraldoi eta buruhandien kalejira ez zen bertan behera gelditu, baina arratsaldeko 17:30ean zeuden Mikosis eta Lukiek taldeen kontzertuak gaztetxera leku aldatu behar izan zituzten. “Gaztetxea bete egin zen, eta giro oso-oso ona sortu zen arratsaldeko kontzertuetan”. 21:30ean, Bizixo Jai Batzordeak hartu zuen gaztetxearen ardura, eta Djak egon ziren bertan.
Xiri Egunaren helburuak bete dituztela azpimarratu dute antolatzaileek: “Xiri Egunaren helburuetako bat gunea bera indartzea da, eta beno, hirugarren aldian ere eguraldiak ez du lagundu. Hala ere, gunea indartzeaz gain, herrira begirako egitaraua antolatzea ere izan da beste helburuetako bat, eta hori lortu dugu. Gainera, eguraldiaren arazoari aurre egiteko gai izan gara”. Datorren urtera begira jarri dira MRK-ko kideak, eta laugarren edizioa egongo dela azpimarratu dute: “Mutrikuko Rock Kolektiboak bi ekintza nagusi antolatzen ditu urtean: Abendu Rock eta Xiri Eguna. Guretzako ekimen garrantzitsua da eta datorren urtean ere antolatzea da asmoa”.
Argazkiak: Begipuntuan.
- Xiri Eguna, 2025. Argazkia: Begipuntuan.