25. Sobra sariketa egingo dute Aulestiko San Joan jaietan
Ekainaren 24an [martitzena] egingo dute sari banaketa. Guztira zazpi sari banatuko dira.
San Joan jaiak bereziak dira Aulestin, eta zer esanik ez San Joan eguna [ekainak 24]. Hala, urtero legez, egun horretan egingo dute sobra sariketa, eta aurtengoa, hogeita bosgarrena izango da.
11:00etako mezaren ostean, plazan batuko dira aulestiarrak, eta 12:15ean sobra sariketako sobrak entregatuko dituzte parte hartzaileek. Ondoren, leiho eta balkoietako bigarren lehiaketaren sari banaketa egingo da, eta behin sariak banatu eta epaileek sobrak baloratu ondoren, 13:30ean izango da sobra sariketa.
Guztira zazpi sari banatuko dira, eta parte hartzaile guztiek lore bat jasoko dute opari gisa. Lehenengo eta bigarren sarietan hiru saridun aukeratuko ditu epaileak: “Lehen sari bietarako betiko belar, ortuari, fruta, labore eta lorak edukitzea baloratuko da. Dotoreziak eta lotzeko erak ere garrantzia izango dute, eta plastikozko soka edota zilarrezko paper duten sobrak sariketatik kanpo geldituko dira”. Hirugarren saria “berezia” izango da, eta saridun bakarra egongo da: “Saridun berezian ezaugarri hauek baloratuko dira bakarrik: euren edertasuna, usaina, aniztasuna, kolorea eta konposizioa”.