300 lagunetik gora batuko dira Aurrera Eguneko bazkarian, zapatuan
Zapatuan [ekainak 21] ospatuko dute bigarren Aurrera Eguna Aurrera Kirol Elkarteko lau sailek: Futbola, txirrindularitza, mendia eta kukaña. Egunean bertan inauguratuko dute Zaldupe futbol zelaiko eraikin berria.

Iazkoak emandako indarra aprobetxatuta, bigarrenez antolatuko dute zapatuan [ekainak 21] Aurrea Eguna Aurrera Kirol Elkartea osatzen duten lau sailek: Futbola, txirrindularitza, mendia eta kukaña. “Iazkoa izan zen lehenengoa eta oso balorazio positiboa egin genuen. Behingoz, Aurrerako sail guztiak batu eta jai egun bat antolatu genuen batera. Oso pozik amaitu genuen, eta, nola ez, jaia antolatzen segitzea erabaki genuen”, azaldu dute Aurrera Kirol Elkartetik. Antolatzaileek aurreratu dute bazkariak 300 lagunetik gora batuko direla,”iaz baino gehiago”.
Gainera, aurten, berritasunekin dator Aurrera Eguna; izan ere, jai gunea Zaldupe futbol zelaira lekualdatuko dute, eta 12:00etan eraikin berriaren inaugurazioa egingo dute: “Jaiaren zati handiena Zaldupen egitea erabaki dugu aurten, batez ere, 12:00etan, futbol zelaiko aldagelen eraikin berriaren inaugurazio ekitaldia egingo delako. Ekitaldi horretan herritar asko batuko dira eta eraikina bera ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek”. Aurrera Kirol Elkartetik jakinarazi dutenez, ekitaldia “xumea eta hunkigarria” izatea espero dute: “Etapa berri bati hasiera emateko, eta, batez ere, orain arte bertan aritu direnei aitortza egiteko izango da”. Gainera, ordu berean, Txirrindu taldean urteetan aritu direnei aitortza egiteko eta eskerrak emateko tartea hartuko dute.
Berritasunekin jarraituz, aurten, Kukaña txapelketa aurreratu egingo da; marea goian 14:00etan dagoenez, txapelketa 13:00etan egingo da. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten ere, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako parte hartzaileak egongo dira. Izena emateko aurrerakukanataldea8@gmail.com helbidera idatzi beharko da, eta egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da. Hala ere, parte hartzaileek baldintza bat bete beharko dute: 18 urte beteta izatea. Kukaña taldetik inguruko bizilagunei balkoiak ikurriñez eta Aurrerako banderaz apaintzeko deia egin die: “Iaz ere hala egin genuen, bizilagunek erantzun zuten eta kukaña inguruko balkoiek oso itxura ederra eman zioten jaiari”.
14:30ean bazkarirako batuko dira ondarrutarrak, Zaldupe Eskolako jolastokian; guztira, 300 lagunetik gora. Paella, postrea, kafea eta edariak barnebilduko ditu bazkariko txartelak: “Txartelak aste honetan kendu dira Kurike eta Idiakez liburu-dendatik; hala ere, norbait bazkariko txartelik barik gelditu bada jarri Aurrerako zuzendaritza taldearekin harremanetan txartela lortu ahal izateko”. Horrez gain, gaineratu dute, norbaitek alergiaren bat baldin badauka zuzendaritzako kideei abisatzeko. “Bazkalostean, iaz modura, aitortzak egingo zaizkie taldeei, eta zozketak egingo dira partaideen artean. Amaitzeko, bingo jolasa egingo da ume zein helduentzako”.
Aurrera Egunaren helburuetako bat futbola ez den beste kirol jarduera batzuk protagonismoa izatea denez, 18:00etan esku pilota partida egongo da Zaldupeko frontoian: Txirloi- Liher/ Mikel Goñi-Urizar. “Iaz herri kirolak egon ziren, eta aurten, esku pilota”. Egun osoan zehar Zaldupeko taberna zabalik egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Aurrera Kirol Elkartetik eskerrak eman nahi izan dizkie jaia aurrera eramaten ibili diren guztiei: “Eskerrak eman nahi dizkizuegu jai hau antolatzea posible egiten duten boluntario, babesle eta laguntzaile guztiei, eta, batez ere, Ondarroako Udalari. Herritarrei ere deia luzatzen diegu Aurrerako kamiseta edo zapi gorria jantzi eta jaira batzeko; Aurrera herriarena da eta”.
- 09:30: Mendi irteera, Zaldupetik. Bueltan, hamaiketakoa Zaldupen.
- 10:00: Milloira bizikleta martxa, Alamedatik. Bueltan, hamaiketakoa Zaldupen.
- 11:45: Argazki erraldoia Zaldupen: kirolariak, zaleak, bazkideak, herritarrak…
- 12:00: Zaldupeko aldagelen eraikin berriaren inaugurazio ekitaldia.
- 12:00-14:00: Umeentzako gaztelu puzgarriak, Zaldupen.
- 12:00: Txirrindu taldeko kideei omenaldia, Alamedan.
- 13:00: II. Euskal Herriko Kukaña Txapelketa.
- 14:30: Bazkaria, Zaldupe Eskolako jolastokian.
- BAZKALOSTEAN: Sari banaketak, aitortzak, zozketa eta bingo.
- 17:30-20:30: Umeentzako gaztelu puzgarriak, Zaldupen.
- 18:00: Esku pilota partida, Zaldupeko frontoian: Txirloi-Liher/Mikel Goñi Urizar.
- 19:00: DJ Elepunto.