Dinamartxarako izen ematea, hilaren 23an eta 24an
Ekainaren 23an eta 24an, aurtengo bizikletazko nahiz oinezko Dinamartxara izena emateko aukera egongo da, Musika Plazan.
Zapato Azulagaz batera harrapatuko bizikletazko nahiz oinezko Dinamartxak, Tolosatik atera ostean, Ondarroako kale nahiz bazterrak, udalerria bete-betean ospakizunetan murgilduta dagoela. Dinamartxarako izen ematea, baina, lehenago egin beharko da. Hain zuzen ere, ekainaren 23an nahiz 24an edukiko dute interesdunak horretarako aukera. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, egun horietan Musika Plazan egongo dira, eta bertan eman beharko dute izena herritarrek; ezin izango da, hortaz, telefonoz egin, izena ematerakoan baimen bat sinatu beharra baitago.
Antolatzaileak 19:00rak eta 21:00rak bitartean egongo dira Musika Plazan. Dinamartxa bai bizikletaz, bai oinez egiteko izen ematearen 20 prezioa 20 eurokoa izango da, eta elastikoaren prezioa ere beste horrenbestekoa. Azaldu dutenez, bertaratzen direnek aukera edukiko dute beste lagun baten izena ere emateko, “betiere beraien sinadurapean”. Mendi martxaren kasuan, lagun kopurua mugatua izango da eta, horrenbestez, norberaz gain, beste lagun bakar bat apuntatu ahalko da.
Dinamartxa txirrinduz egingo dutenek hilaren 28an bertan, “goizean goiz”, egingo dute Tolosarako bidea. Hori bai, bizikletak bezperan kamioian kargatuta utzi beharko dituzte. Oinekoak, ostera, 27an irtengo dira, 23:00etan. Autobusez egingo dute Tolosara joana, eta autobus hori betetakoan zarratuko dute izen ematea, hain zuzen.
Boluntario bila.
Halaber, antolakuntzak mendi martxan laguntzeko boluntarioak behar dituela nabarmendu du: “Mendira joan barik geratuko direnak; larrialdi edo istripurik balego, kotxez laguntzera joango liratekeenak; eta pareko kasuetan lagunduko luketenak. Tankera horretako laguntzarik gabe, mendi martxa bertan behera geratzeko arriskua legoke”. Era berean, herritarrei gogoratu gura diete, izena eman orduko, Dinamartxa “kirol proba gogorra” dela: “Mendia oso gogorra da, eta bizikletaz egiteko ere aldapa gogorrak daude; gaua, aldiz, iluna da. Broma barik!”. Edozelan ere, gogorarazi dute Dinamartxa ez dela inondik inora lasterketa: “Lagun artean eta lasai joan behar gara”.