Eguenean zabalduko dute Karmen Jaietako herri bazkarian izena emateko epea
Ekainaren 27ra arte eman ahalko da izena, 3 euroren truke, udaletxean.
Duela hilabete, Karmen jaietarako bi hilabete baino falta ez zirenean, Markina-Xemeingo Udalak eta herriko kultur talde nahiz eragileek aurtengo jaietako kontzertuen berri eman zuten. Hilabete baino gutxiago falta den honetan, ostera, herri bazkarian izena emateko epea zabalduko dute: eguenetik [ekainak 19] ekainaren 27ra arte eman ahalko da izena, udaletxean.
Jakitera eman dutenez, hiru euro ordaindu beharko dira pertsonako, txartelarekin. Era berean, toki mugatuak egongo dira, eta izen-emate ordena errespetatuko dute. Izena eman eta talde moduan parte hartu nahi dutenek 14 urtetik gora eduki beharko dute; 18 urtera artekoak adinez nagusia den norbaiten ardurapean egon beharko dute. Gaineratu dutenez, Herritxouan izena emateko epea ekainaren 23an zabaldu eta ekainaren 30ean itxiko dute.