"Jende ugari" ibili da Oletako jaietan
Egun batzuetan eguraldia lagun izan ez arren, bertoko nahiz inguruko jende ugari ibili da Oletako jaietan; Jai Batzordeak jaien balorazio ona egin du. Tortilla txapelketa Lander eta Alex oletarrek irabazi dute.

Hiru eguneko jardunaren ostean, atzo [ekainak 16] goi-goitik amaitu zituzten Oletako jaiak. “Jende pila bat” ibili dela adierazi dute Jai Batzordeko kideek, eta egunen batean eguraldia lagun izan ez arren, bertoko nahiz inguruko herritarrek ez zuten hutsik egin.Â
Zapatuan ez bezala, atzo [ekainak 16] eguraldi eguzkitsuagaz amaitu zituzten jaiak. Arratsaldean umeen txanda izan zen, eta hiru puzgarri eduki zituzten aukeran. Ilara luzeak egin ziren arren, denek eduki zuten puzgarrietan ibiltzeko aukera, baita behin baino gehiagotan ere. Aldi berean, Bat, bi, hiru Festa!-k dantzan eta jolasean ipini zituen umeak; lotsati samar hasi arren, segituan batu ziren umeak jolasetara.Â
Arratsaldekoaren ostean, gauean nagusiagoen txanda izan zen. Akerbeltz erromeria eta DJ Jonkassekin eman zieten amaiera jaiei: “Duela urte batzutatik hasita dago astelehenetan jende asko etortzen, eta atzo [ekainak 16], aurreko egunen kontrara, eguraldiak lagundu zuen eta plaza goraino bete zen; jende ugari ibili zen”.
Asteburuan, aldiz, eguraldiak lagundu ez arren, “jende pila bat” joan zela nabarmendu dute: “Zapatuan euri asko egin zuen arren, domeka goizera arte jendea ibili zen. Giro polita egon zen, eta ikusten da, eguraldiak batere lagundu ez zuen arren, jendea gustora egon zela. Domekan Arta Nagusi dantza taldeko ume eta gazteek saioa eskaini zuten, eta hor ere eguraldiak apur bat lagundu ez arren, jende nahikotxo batu zen”. Arratsaldeko herri kirol saioan ere, “jende pila bat” elkartu zen.
Zapatu goizean, aldiz, urteroko tortilla txapelketa egin zuten, eta aurten, aurkeztu ziren zazpi tortilletatik, Lander eta Alex oletarrena izan zen onena: “Puntuazioak nahikoa hurbil ibili ziren, baina azkenean Landerrek eta Alexek irabazi zuten. Sukalderako amantal bat ematen diegu sari modura”.
Hala, jaien balorazio ona egin dute jai batzordeko kideek: “Ekintzak oso ondo joan dira, eta jaiak lasaiak izan dira; momentuz ez zaigu heldu inolako erasorik egon denik, eta alde horretatik ere, oso pozik gaude. Gustora geratu gara aurtengo jaiekin”.
























































































