Lekeitioko aparkaleku sistemak gune horia edukiko du aurten
Gune horiak osasun zentroan hitzordu eta larrialdietan aparkatzea ahalbidetuko du. Lekeitioko Udalak zapatuan [ekainak 21] ipiniko du martxan aparkaleku sistema bere osotasunean, eta irailaren 14an amaituko da. Gune urdinean nahiz gorrian berrikuntzak gehitu dituzte.
Badator udaldia, eta horrekin batera, aurten ere ordainpeko aparkaleku sistema martxan ipiniko dute Lekeition. Udan herrian aparkatzeko dagoen arazoari konpontzeko asmoz ipiniko dute martxan aurtengoan ere aparkaleku sistema, eta zapatuan [ekainak 21] hasi eta irailaren 14ra arte egongo da indarrean.
Aurtengo sistema, baina, “hobekuntzekin” dator: “Uda ostean jasotako 2300 herritar ingururen ekarpenekin aurtengorako hobekuntza batzuk daude”. Hala, gune urdinean hilabeteko, bi hileko eta hiru hileko bonoez gain, 30 erabilera denboraldiko eskaintzen duen bonoa ere egongo da. Gune gorrian, ostera, errotazio azkarreko guneak direnez geroztik, gehienez ordu bete aparkatu ahal izango da. Azkenik, gune horia sortu dute: osasun zentroan hitzordu eta larrialdietarako aparkalekuak izango dira.
Gainerakoan, iazko bide beretik jarraituko dute sistemagaz. Alde batetik, gune berdean eguneko 24 orduetan aparkatu ahal izango dute herritarrek, doan. Pegatina berdea eskuratu ahal izateko hiru dira bete beharreko baldintza nagusiak: ibilgailuaren jabea Lekeition erroldatuta egotea aurtengo urtarrilaren 1a aurretik, ibilgailua Lekeition alta emanda edukitzea eta udalarekin zorrik ez edukitzea. Gogorarazi dute iaztik pegatina dutenei baina aurten baldintzak betetzen ez dituztenei pegatina automatikoki indargabetuko zaiela.
Gune urdina, ostera, ordainpeko aparkalekua izango da (egoiliarrentzat doan izango da). 09:00etatik 21:00etara egongo da martxan, eta lehenengo hiru orduak doan izango dira; ostean, TAO ordaindu beharko da. Era berean, gune urdinean aparkatzeko 28 aparkaleku egongo dira autokarabanentzat; gehienez ere 72 orduz egon ahalko dira, eta 12 euro ordaindu beharko dituzte eguneko.
Azkenik, gune gorriko ordutegia iazko berdina izango da. Astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da martxan, eta zapatuetan 09:30etik 13:30era; ordutegitik kanpo gune berdea izango da.