Ondarroako Andra Mari jaiak iragartzeko kartela herritarrek aukeratuko dute aurten
Lehiaketara aurkezten diren kartel guztiak Udal Erakusketa Aretoan egongo dira. Pertsona bakoitzak bozka presentzial bat egin ahal izango du, eta herritarren bozka gehien dituen kartela izango da irabazlea.
Ondarroako Udalak zabaldu du aurtengo Andra Mari jaiak iragartzeko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea: Ekainaren 30, 13:00ak baino lehen. Hala ere, aurtengo lehiaketak ez du aurreko urteetako forma berdina edukiko; izan ere, 2025eko Andra Mari jaietako kartela herritarrek aukeratutakoa izango da. Orain arte kultura batzordean batutako taldeek aukeratzen zuten kartela, baina iazko balorazioaren ostean, formatua aldatu dute: “Iazko balorazio bilera batean mahaigaineratu zen ideia hau: herritarrek beraiek izatea aukera jaiak iragartzeko kartel irabazlea erabakitzeko. Ondo ikusi genuen eta herritarren parte hartzea sustatzeko beste aukera bat dela uste dugu”.
Hala, uztailaren lehen hamabostaldian egongo dira lan guztiak ikusgai Udal Erakusketa Aretoan, eta pertsona bakoitzak bozka presentzial bat emateko aukera izango du. Era horretan, bozka gehien daukan lanak irabaziko du saria. Lanak modu anonimoan egongo dira, herritar bakoitzak gustukoen duena aukeratzeko. “Lehen aldia da lehiaketari formatu hau ematen dioguna eta amaitutakoan balorazioa egingo dugu, nola gauzatu den ikusteko eta hobetu beharreko puntuak identifikatzeko”.
Lehiaketako oinarriei dagokienez, edonork parte hartu dezakeela eta gaia librea dela zehaztu du Ondarroako Udalak. Hala ere, eragile edo norbanako bakoitzak lan bakarra aurkeztuko ahalko du. “Edozein teknika erabili ahalko da, baina A3ko neurrian egon beharko dira lanak, euskarri gogorrean edo paperean”. Kartelaren titulua ondorengoa izan behar da: 2025eko ONDARROAKO JAIAK eta letra txikiagoan, Andra Maixak. Abuztuaren 11tik 17ra. Informazio gehiago Ondarroako Udaleko webgunean dago eskuragarri.