Sagarmendi, bere hirugarren txapelketan txapeldunorde
Eneko Sagarmendik eta Ibai Gomezek 15 eta 13 galdu dute Euskal Herriko Txapelketa, Iraitz Huegunen eta Jurdan Arakistainen kontra.

Joan den zapatuan [ekainak 14], Eneko Sagarmendi pilotari mutrikuarrak bere hirugarren Euskal Herriko Txapelketa jokatu zuen, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Merezimendu handiz sailkatu zen finalera, eta merezimendu handiko finala jokatu zuen, bere bikotekide Ibai Gomez errenteirarrarekin batera. Aurrez aurre eduki zituzten maila handiko beste pilotari bi, bikote oso solidoa osatu zutenak: batetik, Iraitz Huegun donostiarra; bestetik, Jurdan Arakistain zestoarra.
Final lehiatua, orekatua eta oso estua izan zen Ogetakoa. Sagarmendik eta Gomezek, finalerdien fasean, finalerako sailkapena 15 eta 13ko markagailuarekin eskuratu baldin bazuten, final handia markagailu berberarekin galdu zuten. Hori bai, mutrikuarra “oso asebeteta” azaldu da hala erakutsitako jarrerarekin, nola kantxaratutako jokoarekin. “Maila handiko hainbat tanto biribildu ahal izan genituen, besteak beste, ezker gantxo bat, txokoan goxo-goxo utzitako tanto bi edota hainbat horma biko”, adierazii du Sagarmendik.
Finala ez ezik, txapelketa osoa “benetan polita eta emozio handikoa” izan dela nabarmendu gura izan du. Hain zuzen ere, ligaxka fasean 15 eta 2ko markagailu ikusgarriarekin gailendu zitzaizkien Gema Pajares eta Victor Turiezo arabarrei, eta 15 eta 10ekoarekin, berriz, Joseba Altuna oriotarrari eta Erik Gaton donostiarrari. Final-laurdenetan ere sendotasun handia bistaratu zuten, Roberto de La Iglesia eta Alex Mosquera bizkaitarrak 15 eta 5 menpean hartuz. Finaurrekoetan, esan bezala, 15 eta 13 nagusitu ziren, berriz ere Altunaren eta Gatonen kontra jokatuz.