"Diziplina anitzeko egitarauarekin" dator Loraldia
Ekainaren 23tik 26ra Sormen Astea eta Udako Sormen Egonaldia egingo dituzte Lekeition. Sormen Astearen baitan, lau ikuskizun eskainiko dituzte hainbat sortzailek, "formatu txikian"; sarrerak salgai daude. Sormen Egonaldian zazpi gazte sortzailek euren proiektuak garatzeko aukera edukiko dute.

Heltzear da uda, eta ia aldi berean helduko da Loraldia Lekeitiora. Ekainaren 23tik 26ra Loraldiaren Lekeitioko Sormen Asteak hartuko ditu herriko txoko guztiak, euskarazko kultura garaikidea eskainiz “formatu txikian eta diziplina anitzeko egitarauarekin”.
Bi proiektu egongo dira martxan egun horietan, biak ere, euskarazko sormena eta kultura garaikidea sustatzeko helburuarekin: “Batetik, Lekeitioko Sormen Asteak egitarau artistiko eta kultural berritzailea eskainiko du laugarrenez, formatu txikian. Bestetik, Udako Sormen Egonaldiak gazte sortzaileei topagune eta lan eremu egokia eskainiko die, artista ezagunen tutoretzapean”.
Sormen Asteari dagokionez, antolatzaileek adierazi dutenez, euskarazko kultura garaikidea eta berritzailea izango du ardatz. Askotariko diziplinak landuko dituzte, besteren artean, musika, antzerkia, ikus-entzunezkoak, literatura, dantza eta esperientzia digitalak. Astelehenetik eguenera [ekainaren 23tik 26ra] egunero jarduera bat eskainiko dute, eta emanaldiaren ostean sortzaileekin solasaldia egiteko aukera egongo da; sarrerak salgai daude sarrerak.loraldia.eus web orrian.
Astelehenean [ekainak 23] Hitzaurrea esperientzia digitalean parte hartzeko aukera egongo da, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eta Fikzio Fabrikaren eskutik. Loraldiaren Sormen Digitala Bekaren irabazlea izan da, eta proiektua Lekeition estreinatuko dute: “Ibilbide erreal bat proposatzen digute kaleetan barna. Plazatik abiatuko gara eta norbere telefono mugikorra eta aurikularrak erabiliz, istorio baten barnean murgilduko gara. Gure erabakien arabera, alde batetik edo bestetik joango da istorioa”. Doan izango da, eta beharrezkoa da mugikorra eta aurikularrak eroatea.
Martitzenean [ekainak 24], ostera, Lide Hernandoren eta Maria Urzelairen Mira Hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan antzezlana eta ikus-entzunezkoa ikusteko aukera egongo da: “Eulalia Abaitua aitzindaria eta bidegile handia izan zen, baina, gaur egun, oraindik ezezaguna da gure artean. Euskal kulturak zor dio onespena eta ezagutza”. Hala, Hernandok eta Urzelairek hiru osagairekin eroango dute ikuskizuna aurrera: “Abaituaren argazkiak ezagutuko ditugu, teatro kontaketak (Maria Urzelai) haren bizitza eta memoria osatuko du, eta musikak (Lide Hernando), istorio miresgarri honi soinu banda jarriko dio”.
Musikak eta dantzak bat egingo dute, aldiz, ekainaren 25ean. Itsasoa da bide bakarra emanaldia eskainiko dute Ines Osinaga, Yaima Orozco, Iria Gonzalez eta Garazi Egigurenek: “Gure amonak gogoraraziko dizkigute eta dantzatzeko gogoa piztuko diete gure alabei. Perkusioak, trikitiak, panderetak, dantzak, beat elektronikoak, gitarrak, ukeleleak eta haizezko instrumentuak erabiliko dituzte”.
Azkenik, aurtengo Loraldia Ana Galarragak eta Pettik itxiko dute, Frankenstein agurgarria literatura eta musika ikuskizunagaz; Galarragarekin eta Pettirekin batera, Miren Agur Meabek ere parte hartuko du. Errezitaldia eta performance musikatua aurkeztuko dute, zientzia eta musika uztartuz: “Frankenstein agurgarria gutun baten irakurketa performatiboa da. Victor Frankensteini zuzendutako gutunarena, zehazki. Ana Galarraga Aiestaran zientzia komunikatzaile eta kultur zaleak sortu du testua, kezka zientifiko, etiko, feministak eta literarioak txirikordatuz, eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikariaren ahots eta doinuen laguntzarekin errezitatzen du”.
“Gazte talentuari bultzada”. Aldi berean, orain arte Udako Ola izan dena, formatua eta izena aldatuta dator. Izan ere, Udako Sormen Egonaldia izenagaz, hautaketa fase bat gainditu duten zazpi proiekturen lanketa egiteko aukera edukiko dute hemeretzi gazte sortzailek: “Egonaldiak espazioa, denbora eta tutoretza profesionala eskainiko dizkie parte hartzaileei, beren sormen proiektuak garatu ahal izateko”. Tutoretza talde bakoitzarentzako erreferente diren sortzaileek eskainiko dituzte, eta tartean egongo dira, besteren artean, Izaro, Ines Osinaga eta Hortzmuga kale antzerki konpainia.
Egunez egun:
- Ekainak 23, astelehena. Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eta Fikzio Fabrikaren eskutik, Hitzaurrea, 20:00etan, kalez kale plazatik hasita. Doan.
- Ekainak 24, martitzena. Lide Hernando eta Maria Urzelairen Mira Hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan, 20:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan. Sarrerak, 10 euro (Lorazainak, 8 euro).
- Ekainak 25, eguaztena. Ines Osinaga, Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egigurenen Itsasoa da bide bakarra, 20:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan. Sarrerak, 10 euro (Lorazainak, 8 euro).
- Ekainak 26, eguena. Ana Galarraga eta Pettiren Frankenstein agurgarria, 20:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan, Miren Agur Meaberen parte hartzearekin. Sarrerak, 8 euro (Lorazainak, 5 euro).
Sormen Egonaldirako hautatutako proiektuak:
- Irhitzi, Maddi Etxeberria (musika eta literatura).
- Zitekeenaren galdera batzuk, Gari Aranbarri (ikus-entzunezkoa eta gidoigintza).
- Ibiltariak kaleetan zehar, Oier Agirre, Maite Gandia, Nerea Sanz eta Hektor Briñas ‘Hektor Folk’ (kale antzerkia, musika eta performancea).
- Harremanak, Lide Arrieta eta Noa Andueza (literatura).
- Amultsuki, Joane Zarragoitia, Antia Lopez eta Jone Muruzabal (musika).
- Ximurrak, Gontzal Royuela (antzerkia eta dramaturgia).
- Bertikaltasunetik haratago, Nora Urdanpilleta, Markel Urrestarazu, Pino de Pablos, Nerea Sanz eta Aritz Castillo (antzerkia, dantza eta performancea).