Hezkuntza Sailari maiatzaren 9an sinatutakoa "bere osotasunean" betetzea "exijitu" diete
Hezkuntza publikoko irakasleek eta Hezkuntza Sailak maiatzaren 9an sinatutako akordioaren harira, Bekobenta eta Markina BHIko hezkuntza komunitateak Hezkuntza Sailaren jarrera salatu du: "Gaur gaurkoz, ez dituzte akordioan adostutako neurriak txertatzeko beharrezko irizpide eta bitarteko guztiak aplikatu, eta, beraz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean, kontrako norabidea hartu du".

Hezkuntza publikoa indartuko duen maiatzaren 9ko irakasleen akordioa betetzeko eskatzeko asmoz, gaur [ekainak 18] goizean Bekobentako eta Markina BHIko hezkuntza komunitatea osatzen duten langile nahiz familiak elkartu egin dira. Hala, maiatzaren 9an sinatutako akordioa “bere osotasunean” betetzeko “exijitu” diete Hezkuntza Sailari, irakasleen kolektiboak aurrera eroandako greba dinamiken bitartez lortutako akordioa balorean ipintzeagaz batera.
Urtarrilean hasi zuten greba zikloa LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuekin egindako lanari esker, eta bederatzi greba egun eta 11 mobilizazioko borroka dinamikari esker, maiatzaren 9an lortu zuten Hezkuntza Sailarekin akordioa sinatzea. Hala, azpimarratu nahi izan dute akordioetara heltzeko “oso garrantzitsua” izan dela LAB Hezkuntzak egindako lana: “Indar handia jarri du baliabide zein lan zama arintzeko neurriak jaso daitezen; finean, hezkuntza publikoa indartu eta kalitatea hobetzeko”.
Txanponaren beste aldean, baina, Hezkuntza Saila kokatu dute: “Hezkuntza Saila hedabideetan agertu den bakoitzean hezkuntza kalitatea hobetzeko neurrietaz aritu bada ere, puntu gatazkatsua izan da negoziazio guztian. Zentzu horretan, LABek azken unera arte irmoki defendatu ditu ondotik jaso ziren akordioan neurriok. Hezkuntza Sailak, aldiz, gaur gaurkoz ez ditu akordioan adostutako neurriak txertatzeko beharrezko irizpide eta bitarteko guztiak aplikatu, eta, beraz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean, kontrako norabidea hartu du”.
“Aurrerantzean, eta zehazki hurrengo hiru urteetan, beharrezkoa izango da gure ikastetxeetan borroka hau antolatzea. Hezkuntza Sailari exijitu egin behar diogu hitz emandakoa betetzeko”.
Argi adierazi dute akordioa “oso pausu garrantzitsua” izan dela uste dutela, baina, Hezkuntza Sailak azken asteetan izandako jarrera salatu nahi izan dute: “Ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez ditu sortu, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz”. Defendatu dutenez, Hezkuntza Sailak komunikaziorako kanalak ireki eta zalantzak zein alegazioak erantzun beharrean, “egunak igaro ditu erantzunik eman gabe edo okerreko erantzunak emanez”. Gaineratu dutenez, maiatzaren 23an internet bidezko bilera bat deitu zen, eta zuzendaritzen hitza entzun beharrean “egoera okertu besterik ez” zuela egin.
Horren aurrean, ikastetxeetan borrokatzeko antolatu eta maiatzaren 9an sinatutakoa betetzeko eskatu dute: “Aurrerantzean, eta zehazki hurrengo hiru urteetan, beharrezkoa izango da gure ikastetxeetan borroka hau antolatzea. Hezkuntza Sailari exijitu egin behar diogu hitz emandakoa betetzeko”.
Era berean, borroka hori antolatzeko “beharrezkoa” ikusten dute “erreferente garrantzitsu bat indartzea”, eta euren ustez LAB Hezkuntza izan behar dela adierazi dute: “Gure ustez, LAB Hezkuntzak izan behar du erreferentzia garrantzitsu hau, orain arte erakutsi duen ikuspegiagatik eta gaitasunagatik ikastetxeen beharrizanak negoziazio mahaian borrokatzeko”. Hala, LAB Hezkuntzara batzeko deia egin diete irakasle eta langileei: “Irakasle guztioi dei egiten dizuegu LABera batu eta gurekin batera elkarlana bideratzeko. Ikuspegi abertzale eta ezkertiarrak duzuen langile guztioi dei egiten dizuegu LAB Hezkuntzan afiliatzeko. Hau baita, gure ustez, borroka indartu eta artikulatzeko beste neurri garrantzitsu bat. Honek borroka erreferente bat sendotzen lagunduko du, eta Hezkuntza Sailaren aurrean zilegitasuna irabaziko dugu”.