LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, egun guztiko egitaraua antolatu du Txirrimorraskik
12:00etan emango diote hasiera egitarauari, 'Kolektiboen arteko hausnarketak' mahainguruagaz. 16:00etan Alamedako eskailerak LGTBI banderaren koloreekin margotuko dituzte.
Elkarrekin saretzen, komunitatea sortzen lemapean, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira [ekainak 28], egun osoko egitaraua antolatu du Txirrimorraski ODLT-k ekainaren 22rako [domeka], Ondarroan. “Ikasturteko azkenengo ekintza egingo dugu domekan. Datorren zapatuan LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna denez, eta honek daukan inportantzia ikusita, egun osoko egitaraua antolatzeko erabakia hartu dugu”.
Kolektiboen arteko hausnarketak mahainguruagaz emango diote hasiera egunari, 12:00etan, Txirrimorraskiko beheko lokalean. Bertan, udalerriko zein eskualdeko bi taldek hartuko dute parte: Mamarratxosnak eta Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak. “Nagusiei zuzendutako mahaingurua izango da. Oso interesgarria izango da; batez ere, Txirrimorraskik gaur egun daukan baloreetan oinarritutako lanketa izango delako, eta, baita ere, herriko egoeraren analisia egiteko tartea izango dugulako”.
13:00etan Alameda apaintzera joango dira umeekin batera. “Alamedan txoko ezberdinak jarriko ditugu; besteak beste, txapak egiteko mahaia, marrazteko txokoa, pankartak egitekoa eta baita jolastekoa ere”. 14:00etan bazkaldu egingo dute, eta Txirrimorraskitik bazkaltzeko bokata eramateko eskatu dute.
Bazkalostean Aiza eta Olatz bikote ondarrutarrak kontzertu akustikoa eskainiko du, eta ondoren, 16:00etan, Alamedako eskailerak margotuko dituzte, LGTBI banderaren koloreekin. “Eskailerak margotzea izango da eguneko ekintza printzipala; beraz, ekintza aurrera eramateko arropa egokiak ekarri beharko dituzte umeek”. Antolatzaileek jakinarazi dute “herritar guztiei” begirako eguna izango dela; beraz, nahi duena joan daitekeela. “Gurasoei zein nagusiei mahaingurura bertaratzeko gonbidapena egin nahi diegu”.