Zapato Azulean eta Andra Mari jaietan eraso matxistei aurre egiteko saioa antolatu du Ondarroako Udalak
Ekainaren 25ean [eguaztena] izango da saioa, Etxelilan. Bi ordu egongo dira aukerak: 09:00ak edo 15:00rak.
Zapato Azulean eta Andra Mari jaietan eraso matxistei aurre egiteko urteroko herri protokoloaren lanketa saioa antolatu du Ondarroako Udalak. Saioa ekainaren 25ean [eguaztena] izango da, Etxelilan, eta bertaratzeko interesa duenak bi ordutegi izango ditu aukeran: 09:00etan edo 15:00etan. Saioa udalerriko taberna eta txosnak jartzen dituzten eragileei zuzendutakoa izango da, eta eraso matxisten kontrako protokoloaren lanketan sakonduko dute.
Behin saioa burututa, Ondarroako Udalak parte hartu duten taberna zein eragileekin zenbait konpromiso hartuko dituela jakinarazi du: “Zigilu edo bereizgarri bat luzatuko zaie eraso matxistarik gabeko jaien lanketan beraien konpromisoa erakusgarri egiteko. Horrez gain, parte hartzaileen zerrenda osatuko da eta horren berri emango da udalaren esku dauden komunikazio bideetatik”.
Saioan parte hartzeko izena eman beharko da ekainaren 20a [barikua] baino lehen. Izena ematean tabernaren edo eragilearen izena eta parte hartzaile kopurua zehaztu beharko da. Bi aukera daude apuntatzeko; posta elektronikoz etxelila@ondarroa.eus helbidera idatzita, edo WhtasaApp bidez 664 54 73 67 telefono zenbakia mezua bidalita.
Arreta zerbitzua. Zapato Azulean eta Andra Mari jaietan eraso matxistak salatu eta artatzeko arreta zerbitzua egongo dela adierazi dute Ondarroako Udaletik. Zapato Azulean 18:00etatik 08:00etara egongo da zerbitzua martxan. “Telefono bidezko arreta edota presentziala jasotzeko aukera egongo da. Honetarako, Etxelila izango da erreferentziazko gunea; hala ere, arreta zerbitzuko langileak udalerriko edozein lekura mugitu daitezke,erasoa jaso duenaren beharretara moldatuz”. Andra Mari jaietan abuztuaren 11tik 17ra arte egongo da arreta zerbitzua, 20:00etatik 08:00etara. Horrez gain, Gazte Egunean [abuztuak 13] eta Kuadrilla Egunean [abuztuak 16], gune moreak ere egongo dira herrian zehar.
Ondarroako Udaletik eraso matxisten prebentzioan ere jarri dute fokua, eta “guztion ardura” dela nabarmendu dute: “Estrukturazko arazo honi aurre egiteko, guztiok hartu behar ditugu ardurak. Beraz, tabernari zein eragileei ekainaren 23ko saiora joateko deia egin nahi diegu. Ondarroako Udalak erasorik gabeko herri baten alde lanean jarraituko du”.