Herritarrak batzen dituen San Joan jaiak
Gaur [ekainak 20] emango diote hasiera San Joan jaiei Aulestin, Gazte Egunagaz. Eguaztenera arte [ekainak 25] luzatuko dituzte jaiak, eta festa giroa ziurtatuta egongo da.

Udaren etorrerarekin batera ospatzen dituzte San Joan jaiak Aulestin; herritarrak batu eta ondo pasatzeko egunak direla diote antolatzaileek. Hala, aurtengo jaietarako “gogotsu” daude aulestiarrak. Gainera, “ohiko” formatuagaz datozela zehaztu dute.
Gaur emango diote hasiera San Joan jaiei Aulestiko Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Egunagaz. 13:00etan herriko plazan batuko dira gazteak, brindisa egiteko, eta ondoren, 15:00etan, Gazte bazkaria egingo dute Arkupean; guztira, 25 lagun inguru elkartuko dira. “Eguna denok batera hasteko batuko gara 13:00etan plazan, eta ondoren tabernetara joango gara. Izan ere, Gazte Egunaren helburua aulestiko gazteok batu eta elkarrekin egun polit bat pasatzea da. Herriko jaiei hasiera emateko modu ederra da”, azaldu dute Aulestiko Gazte Asanbladako kideek.
Ume, gazte zein nagusi. Aldi berean, Eskolako jaialdia ere egongo da. 09:00etan hasiko da festa eta puzgarriak egongo dira umeentzat. Seigarren mailako ikasleek txupinazoa botako dute, eta ondoren bazkarian batuko dira. Horrez gain, Aulestiko Hirugaren Adineko eta Pentsiodunen San Blas Elkarteak antolatuta, sobra tailerra egingo dute. Elkarteko kideak eskolara joango dira, eta sobra bat nola egin erakutsiko diete ikasleei, gero, ekainaren 24ko sobra sariketan parte hartzeko. “Sobra bat egiteko beharrezkoa den materiala batuko dute, baita etxetik eraman ere, eta Elkarteko kideek nola egin erakutsiko diete ikasleei”, adierazi dute antolatzaileek. Eskolako jaialdiaren barnean, 37. ipuin topaketako sari banaketa egongo da eskolan, eta eguraldi txarra eginez gero, udal aretoan egingo da ekimena. Ondoren, saiheski janean batuko dira ume, gazte zein heldu, eta hasiera ofiziala emango diete jaiei txupinazoagaz.
Bihar [ekainak 21], 23. Paella txapelketan batuko dira herritarak. 18 kuadrillek eman dute izena; guztira, 308 lagunek. 14:30erako entregatu beharko dira paellak, eta kanpaiak jo ondoren entregatzen duen taldea zigortua izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Osotara lau sari banatuko dira: 110 euro paellarik onenarentzat, 90 euro bigarrenarentzat, 60 euro hirugarrenarentzat eta 25 euro laugarrenarentzat. Behin sariak banatu ondoren, herri bazkariak batuko dira.
Etzi [ekainak 22], dantzek eta herri kirolek hartuko dute Aulesti. 13:00etan, herriko dantzarien erakustaldia egongo da plazan, eta 17:30ean Euskadiko Orga Txapelketa eta harrijasotze ikuskizuna egongo dira frontoian. Urdax Magunazelaia eta Elene Ostolaza izango dira harrijasotzaileak. “Azkenengo bi urteetan egon dira herri kirolak, eta ondo funtzionatu izan dute”.
Suaren bueltan batuz. San Joan bezperan eta San Joan egunean ere festa giroa izango da nagusi udalerrian. Bezperan, berritasun gisa, hamabi urtetik gorakoei zuzendutako mahai jolas txapelketa izango dute arratsaldean, eta gauean kalejiragaz batera, plazatik parkera lekualdatuko dira, eta ondoren, suaren bueltan dantzatuko dute, txar guztiak botatzearekin batera.
San Joan egunari urteroko mezagaz hasiera eman ondoren, 25. sobra sariketan parte hartu nahi duenak 12:15era arte izango du sobra entregatzeko aukera. “Sinestunek goizeko mezan sobra bedeinkatzen dute, gero, urte guztian etxe aurrean jarri eta babesteko”. Ostean, leiho balkoi eta etxe aurren bigarren lore lehiaketako sariak banatuko dituzte: “Iazko arrakasta ikusita bigarrenez egin dugu, eta zortzi lagunek eman dute izena. Aurten, gainera, etxe aurreak ere sartu ditugu sariketan; izan ere, aulestiko etxe guztiek ez daukate balkoirik, baina etxe aurreak oso dotore dauzkate”.
Ondoren, sobra sariketa egingo dute. Guztira, zazpi sari banatuko dira, eta parte hartzaile guztiek lore bat jasoko dute. Lehenengo eta bigarren sariek hiru saridun izango dituzte bakoitzak, eta hauez gain, sari berezi bat ere egongo da. “Lehenengo eta bigarren sarietan betiko belar, ortuari, fruta, labore eta lorak edukitzea baloratuko da. Dotoreziak eta lotzeko erak ere garrantzia izango dute. Izan ere, plastikozko soka edota zilarrezko papara duten sobrak sariketatik kanpo geldituko dira. Sari berezian sobraren edertasuna, usaina, aniztasuna, kolorea eta konposizioa baloratuko dira, besteak beste”.
San Joan bigarrenagaz emango diote jaiei amaiera Aulestin eguaztenean. Mezagaz eguna hasi ondoren, goizean Roberto eta Idoia trikitilariak ibiliko dira kalez-kale. Ostean, Hirugarren adinekoen eta pentsiodunen bazkaria egongo da Ilunzar tabernan.
“Oso jai herrikoiak dira San Joanak. Izan liteke, herri kirolek edo horrelako ekimenek inguruko herrietako jendea ekartzea Aulestira, baina normalean, gu egoten gara. Herritarrok elkarrekin egoteko egunak izaten dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Ekainak 20, barikua
- 09:00-12:00: Eskolako jaia. Puzgarriak eskolan, txupina 6. mailako ikasleen eskuti, eta bazkaria.
- 13:00: Gazte Egunari hasiera brindisa eta poteoagaz, plazan.
- 15:00: Gazte bazkaria, Arkupean.
- Ostean: bingo musikatua.
- 18:00: 37. Ipuin topaketako sari banaketa, Eskolako jaiaren baitan. Eguraldi txarra egonez gero, udal aretoan.
- Gero: Txokolatada.
- 20:00: Saiheski jana plazan.
- 22:00: Txupinazoa jaiei hasiera emateko.
- 23:00: Kontzertuak Gaztetxean: Beretter eta DJ Arene.
Ekainak 21, zapatua
- 11:00: Plazako mahaiak antolatzea. Kuadrilla bakoitzeko bi ordezkari agertu beharko dira.
- 14:30: 23. Paella txapelketa.
- Ostean: Herri bazkaria.
- Bazkalostean: Jolasak, plazan.
- 21:30: Trikizio Erromeria, plazan.
Ekainak 22, domeka
- 13:00: Herriko dantzarien erakustaldia, plazan.
- 17:30: Euskadiko orga txapelketa eta Urdax Magunazelaia eta Elene Ostolaza harrijasotzaileen ikuskizuna.
Ekainak 23, astelehena
- 17:00: Mahai jolas txapelketa, plazan. 12 urtetik gorakoentzat.
- 21:00: Errota Erromeria, plazan.
- 23:30: Kalejira plazatik parkera, musika eta buruhandiekin alaituta.
- Ondoren: San Joan sua eta dantzak.
Ekainak 24, martitzena
- 11:00: Meza.
- 12:15: 25. Sobra sariketako sobrak entregatzeko ordua.
- Ostean: Leiho, balkoi eta etxe aurreetako II. lore lehiaketako sari banaketa.
- 13:30: Sobra sariketa.
- 17:00: Esku pilota partiduak, frontoian.
- 19:00: Pintxo potea.
Ekainak 25, eguaztena
- 12:00: Meza Murlan eta kopaua.
- Ondoren: Roberto eta idoia trikitilariak.
- 14:30: Hirugarren adineko eta pentsiodunen bazkaria, Ilunzar tabernan.