Paskualitak eta Amuma Makurrak, areto futbolean jokatzen
Leioako eta Idiazabalgo taldeekin elkartu, eta Emakumeen Futbol Torneoa jokatu dute lekeitiarrek.

Irailaz geroztik, astelehenero dute ipinita hitzordua Lekeitioko Andraetxeko hainbat emakumek, areto futbolean jokatzeko asmoz. Hala, ikasturte amaieragaz batera, Leioako eta Idiazabalgo taldeekin elkartu, eta Emakumeen Futbol Torneoa jokatu zuten joan den zapatuan [ekainak 14] Lekeitioko Kiroldegian: “Hiruon arteko torneoa egiteko proposatu genien, eta oso ondo pasatu genuen. Gero elkarrekin bazkaldu genuen denok; egunpasa polita izan zen. Gainera, ez zen inor lesionatu; hirugarren denbora izan zen onena eta luzeena”.
Lekeitiarrek “talde oso anitza” sortu dute aurten, eta Paskualitak eta Amuma Makurrak izenekin jokatu zuten Leioako Maia eta Idiazabalgo Areto Futbola taldeen aurka: “Talde oso anitza osatzen dugu astelehenero areto futbolean ibiltzen garenok. Izan ere, batzuk ez dira sekula ibili areto futbolean, jatorri aldetik ere anitza da, aniztasun funtzionalari dagokionez ere bai, adinez ere bai…”.