Aurrera jarraitzeko ezinbesteko hauspoa
Aurrera Eguna ospatzen ari dira ondarrutarrak gaur, eta Zaldupe futbol zelaiaren eraikin berria inauguratu dute eguerdian. Bertan, Jose Aranguena eta Miren Arantzamendi omendu dituzte. Ondoren, II. Euskal Herriko KukaƱa Txapelketa lehiatu dute, eta Danel Urkiagak jantzi du txapela.

Gorriz jantzi da Ondarroa gaur [ekainak 21]. Aurrerako kamisetez jantzi dituzte kale eta bazterrak. Futbol, txirrindularitza, mendi eta kukaƱa taldeetako kamisetak ikusi dira nonahi. Izan ere, alkarregaz ospatu dute Aurrera Eguna, eta egun osoko egitarauan, askotariko hitzorduak eduki dituzte topagune.
Mendi irteeraren eta bizikleta martxaren ondoren, Zaldupe futbol zelaian elkartu dira. Bertako eraikin berria inauguratu dute, baita talde argazkia ateratzeko tartea hartu ere. Aldagelak, taberna, komunak, gimnasioa, zuzendaritza, batzar zein material gelak… itxura berrituta aurkitu dituzte bazkideek.
Astean zehar 1.000 lagun baino gehiago pasatzen dira Zaldupetik, eta Aurrera KEk 250 kirolari inguru eta 600 bazkidetik gora dauzka. Aurkezpenean esan dutenez, Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroako Udalak “hasiera-hasieratik pentsatu dute azpiegitura berri hori herrian eta herriak sortzen duen hainbat ekimenen alde eta mesederako izango dela”. Hau da, aldagelak beste erabilera batzuetarako ere izango dira: “Azpiegitura honen bidez, Aurrera eta Ondarroako herriaren arteko lotura gehiago indartzeko pauso berri bat ematen da”. Gogoratu dute Zaldupe ez dela soilik futbol zelaia, “sozializatzeko eremua” ere bada, eta partiduak amaitzen direnean, “ez da dena amaitzen”.
Mikel Santiso Urkiza Aurrera Kirol Elkarteko presidentearen hitzetan, Aurrerarentzat “egun historikoa” da gaurkoa. Azpiegitura berriak inflexio-puntu “oso garrantzitsua” suposatzen du klubarentzat. Ondarroako Udalari eskerrak emanaz batera, apustu “gogorra eta beharrezkoa” izan dela nabarmendu du. Azaldu du aurreko eraikinak ia 50 urte zeuzkala, eta zeuzkan gabeziak ezagunak zirela: “Uste dut Aurrerak etorkizuna bermatuta izateko, oinarrizko pieza bat ipini dugula”.
Era berean, isilpeko lanaren garrantzia azpimarratu du Aurrera KEko presidenteak: “Askotan gertatzen da lanik garrantzitsuenak ikusten ez direnak izatea; ikusten ez diren mila behar daude, zelaian ikusten duguna ikusi ahal izateko derrigorrezkoak direnak. Zaldupeko bulegoetan, aldageletan, zelaiaren inguruan… herritar askok egindako beharra azpimarratu nahi dut. Futbolariak, entrenatzaileak, presidenteak… aldatzen dira, baina hainbeste urtetan gure etxea zaintzen egon dira Jose eta Miren, eta bihotzez eskerrak ematen dizkiet”.
Hain zuzen ere, Miren Arantzamendi eta Jose Aranguena omendu dituzte Aurrera Egunean. Aranguena orain dela 50 urte hasi zen mantenimendu lanetan, eta Arantzamendik hamabost urte egin ditu garbiketa lanetan, iaz jubilatu zen arte. Txalo zaparrada beroa eskaini diete, eta esker onez hartu dute gaurko aitortza. Tartean, barre artean, anekdotak ere ez dira falta izan.
Ibon Bergara Etxearte Kirol zinegotziak esan bezala, Ondarroarentzat eta Ondarroako kirolarentzat “funtsezko” azpiegitura bat da Zaldupe futbol zelaia; “Aurrera moduko kirol elkarte batentzat aurrera jarraitzeko hauspo oso garrantzitsua” da eraikin hau inauguratzea: “2011tik hona, zelaiko belarra aldatu zenean, eta eskola kirolaren alde egindako apustua eta gero, behin-behinekotasunean barrakoiak jarri ziren, eta behin-behinekotasun horrekin amaitzeko garaia zela pentsatzen genuen denok. Eskerrak eman behar dizkiegu hau posible egin duten guztiei”. Era berean, erronka ere bota du Bergarak: emakumezkoen futbol hamaikako lehenengo taldea egon ahal izatea Aurreran.
Biek ala biek klubean lanean dabiltzanei zein ibili direnei eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskerrak eman dizkiete.
Euskal Herriko KukaƱa Txapelketa. Bestalde, II. Euskal Herriko KukaƱa Txapelketa lehiatu dute, eta Danel Urkiaga ondarrutarrak jantzi du txapela. Hamabosgarren errondan lortu du ikurrina. Bederatzi gizonezkok parte hartu dute, gehienak etxekoak; tartean, iazko garaipena errepikatzea esku-eskura eduki du Kevinth Cardona ondarrutarrak.
Horiekin batera, hauek aritu dira ordubete pasatxoz, 12,75 metroko kukaƱan ikurrina hartzeko borrokan: Aimar Ortega, Haitz Gisasola, Dou Dou Thiam, Iker Lopez, Koldobika Puente, Pablo Martin eta Pedro Esposito. Jendetza elkartu da horien ikuskizuna bertatik bertara ikusteko.
Aurrera Eguneko bazkarian, berriz, 300 lagunetik gora elkartu dira, eta arratsaldean, goizean bezala, gaztelu puzgarriak egon dira umeentzat. Bestalde, pilota partiduak ere jokatu dituzte Zaldupeko frontoian, eta egun handia musikagaz biribiltzeko, DJ Elepunto gonbidatu dute.















































































































































































































































































