"Guggenheim gutxiago eta Osakidetza gehiago"
EH Bilduren Busturialdeko eta Lea Ibarreko hautetsiek agerraldia egin dute gaur [ekainak 21] Malosteko ospitalearen aurrealdean, bertako larrialdi zerbitzuak bizi duen "arriskua" salatzeko eta osasun arloan detektatu dituzten gabeziak argitara emateko.

EH Bilduren Busturialdeko eta Lea Ibarreko hautetsiek agerraldi ofiziala egin dute gaur [ekainak 21], Gernika-Lumoko Malosteko ospitalearen aurrealdean, osasun zentro horretako larrialdi zerbitzuaren murrizpena publiko egin eta egun batzuetara, jazoera horri buruz duten iritzia plazaratzeko. Hain zuzen ere, nabarmendu dute gaur-gaurkoz Malosteko ospitaleko larrialdi zerbitzuak “arriskuan” daudela, eta 21:00retatik aurrera bai Busturialdeko, bai Lea Ibarreko herritarrak “larrialdi zerbitzu barik” gera daitezkeela.
Horren aurrean, Jose Ramon Buli Bilbao eta Leire Gonzalez Gernika-Lumoko EH Bilduren ordezkariek azaldu dute ospitaleak urte luzetan erantzunik eduki ez duten “egiturazko arazoak” izan dituela. Funtsean, Osakidetzak bizi duen egoera makurra plazaratu dute, eta argitu herritarren osasun arretaren kalitatea “okertzen” ari dela: “Osasun sistema publikoaren desmantelamendua gauzatzen ari da”. Alde horretatik, gogoan eduki gura izan dituzte urte luzez osasusungintza alorreko profesionalen “gain esfortzuari esker” mantendu izan dela osasun arretaren kalitate maila: “Baina gain esfortzu horrek jadanik goia jo du, eta ezin da denboran gehiago luzatu; osasungintzako beharginek ezin diote osasun sistema publikoari bakarrik beren kabuz eutsi”.
“Osasun arloko profesionalek baliabideak behar dituzte, planifikazioa, eta berrantolamendurako neurriak; ez dituzte behar Eusko Jaurlaritzaren esker oneko hitzak”
Berbetatik ekintzetara jauzia egiteko sasoia dela aldarrikatu dute eta, era berean, beharrezko neurrietako zenbait zeintzuk liratekeen adierazi ere bai: “Osasun arloko profesionalek honezkero ez dituzte behar Eusko Jaurlaritzaren aintzatespena, ezta esker oneko hitz gehiago ere. Baliabideak behar dituzte, planifikazioa eta berrantolamendurako neurriak”. Hori dela eta, EH Bilduren hautetsiek babesa erakutsi nahi izan diete “guztien osasuna jagoten” diharduten profesional denei: “Inor bazter utzia izan ez dadin eta, herritarrok beharrezkoa dugunean, osasun arreta azkar, garaiz eta denboran jaso dezagun”. EH Bilduren noranzkoa argituta, azpimarratu dute beraiek “beti” egongo direla “osasungintzako langileekin, sindikatuekin eta osasun sistema publikoa defendatzen duten herritarrekin“.
Eskualdearen beharrizanez.
Hala Gonzalezek, nola Bilbaok Busturialdeak egun dituen beharretan ere ipini dute fokua: “Azkenaldan asko hitz egiten ari da eskualdeaz eta eskualdeak dituen beharrez; gu oraindik Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialderako duten plan estrategiko berria noiz aurkeztuko zain gaude. Busturialdearen etorkizuna hobetuko omen duten egitasmoak ei dituzte, baina, zalantza barik, eskualde honek behar duena da, batetik, oinarrizko zerbitzu publikoak bermatuta egotea, eta, bestetik, bertako herritarren ongizatea behingoz erdigunera ekartzea”.
“Ezin da Guggenheim Urdaibai makroproiektu bat abiatu, baina ospitale bat zarratu”
Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen eskualde ereduaren aurrean, Busturialdeak “gehiago” merezi duela nabarmendu dute hautetsiek: “Sustatzen duten eskualde eredua ez da ez behar duguna, ez merezi duguna. Ezin da Guggenheim Urdaibai makroproiektu bat abiatu, baina ospitale bat zarratu”. EAJk Malosteko ospitalearen aldeko apusturik “sekula” egin ez duela adierazita, zentroaren ingurua sumatutako gabeziak zerrendatu dituzte. Ahotan izan dituzte, besteren artean, “inbertsiorik eza, oherik gabeko ospitalea zabaltzea, solairu oso bat zarratuta uztea edota apurka-apurkako desmantelamendua”.
Agerraldia biribiltzeko, eskualdean lan egitearen eta bizitzearen aldeko hautua berretsi dute: “Ez dugu postalezko Busturialderik gura, bertako herritarren beharrizanei erantzungo dien eskualde eredua baino: proiektu izan gutxiagokoa, baina guztiontzako zerbitzu publiko duinak dituena; Guggenheim gutxiago, eta Osakidetza gehiago”.