Asteon hasiko da III. Igoera Herrikoien Liga
Munitibar, Aulesti, Berriatua eta Ondarroak parte hartuko dute III. Igoera Herrikoien Ligan. Zapatuan [ekainak 28] hasiko dute, Gernika-Lumon, eta abenduan bukatuko, Elantxoben.
Urte luzez lasterketa herrikoiak antolatzen ibilitako boluntarioen lana omentzeko asmoz, batetik, eta herritar guztientzako eskuragarria litzatekeen lasterketen formatua eskaintzeko, bestetik, sortu zuten duela urte bi Igoera Herrikoien Liga. Egitasmoaren hazia, funtsean, Arrolape Mendi Klubeko lantaldeak erein zuen, baina Busturialdeko tokian tokiko eragileen babesa jaso zuten lehenik, eta Lea-Aartibaikoek jarraipena eman zioten ostean. Halaxe josi zuten, iaz, zortzi probaz osatutako liga ederra. Aurtengoa txapelketa herrikoiaren hirugarren ekitaldia izango da, eta zortzi geraleku edukiko ditu. Lasterketez gain, jai giroa nabarituko da horietan, zapatu honetatik [ekainak 28] hasita: Lumoko San Pedro jaietan aterkipean, III. Aixerrotara Igoerak emango dio hastapena lehiaketari.
Aixerrotarako igoerak, ligako lehenak, bi kilometroko luzera izango du, eta 260 metroko desnibela
Aixerrota edo Kosnoaga gernika-lumotarren muino bereziena da, eta Gernikako Pasealekutik aterata zein Lumotik igarota, bere 273 metroak gainditu beharko dituzte korrikalariek. 13:00etan ipini dute txapelketarako aurtengo estreinaldirako hitzordua; egunean bertan izena eman beharko da, bost euroren truke. Parte hartzaileek Pasealekuan bertan ekingo diote lehiari, Zearretara jotzeko. Han topatuko dute ibilbideko berritasun bakarra: Lumorako galtzadara Seber Altubetik iritsiko dira, eta ez Zigertatxuko aldapatik; Lumotik pasatuta helduko diote igoeraren tontorrerainoko azken zatiari. Kilometro biko ibilbide esplosibo baina lorgarria izango da, 260 metro positiboko desnibel metatuagaz.
Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzaileek kontsigna zerbitzua edukiko dute, hala nahi badute: “Sari banaketa eta mokadua Lumon egingo ditugu; hortaz, motxilak Pasealekutik Lumora igoko dituen auto zerbitzua ipiniko dugu. 14:30ean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Lumoko plazan eta jai giroan bete-betean murgilduta. Sari banaketan, sailkapen orokorreko lehen hiru emakumezko eta gizonezkoak omenduko dituzte, baita gazteak ere: “Gazteen sailkapena egitea garrantzitsua da, txapelketa neurri handi batean beraiei zuzenduta baitago; probetan parte hartzera animatzea bilatuko dugu, denak egingarriak eta politak baitira. Baina, horregaz batera, proben antolakuntzan inplikatzen hasteko akulua ere izan gura dugu”.
“Puntukako sailkapena lasterketa gehienetan parte hartzera animatzen denari egingo dio onura”
Proba bakoitzak bere sailkapen “propioak” izango ditu: “Tokian tokiko eragileen erabakiko dute beren probetan zein sailkapen egin; egon daitezke beteranoena, gazteena, herriko lasterkariena, eta abar. Edozelan ere, denek aintzat hartuko dute lehen gizonezko eta emakumezkoen sailkapen absolutua”. Hala, abenduan sailkapen orokorra egingo dute, eta aurreratu dute sailkapen horretan “erregulartasuna eta konpromisoa” saritu ohi dituztela: “Normalean, ez du zertan mailarik handiena duenak irabazi; hain zuzen, puntukako sailkapenak lasterketa gehienetan parte hartzera animatzen denari egingo dio onura. Finean, erregulartasuna saritzeko modu bat da, eta ez soilik maila fisikoa”.
Egutegiari buruzkoak.
Ekainetik abendura arteko epea hartuko du ligaren hirugarren aldiak. Aixerrotako hitzorduaren ondoren, uztailean Oizera Igoera egingo dute, Munitibarren; baita Legarmendira Igoera ere, Berriatuan. Abuztuan, Natxitura ailegatuko da lehiaketa, Lapatzako Igoeragaz. Irailean ere, zita bikoitza izango dute: lehenik, Santa Eufemiko Igoera, Aulestin; ondoren, Tontorramendira Igoera, Ondarroan. Urria heltzearekin batera, Ereñozarrera Igoera egingo dute, Ereñon. Txapelketa abenduan biribilduko dute, Elantxoben, Kaltzadan Gora probagaz.