Atletismoko Bizkaiko Txapelketan, hainbat domina eskuratuta

Joan den asteburuan [ekainak 21 eta 22] atletismoko Bizkaiko bakarkako eta taldekako txapelketa absolutua jokatu zuten eskualdeko zenbait kirolarik, eta urrezko, zilarrezko nahiz brontzezko dominak eskuratuta itzuli dira asko.
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldekoei dagokienez, Aiora Pikabeak urrea eskuratu zuen pertiga jauzian, 2,85 metroko marka eginda. Amets Amutxastegik, ostera, zilarra eskuratu zuen mailu jaurtiketan, 36,65 metroko jaurtiketagaz. Brontzezko domina bana lortu zuten, era berean, Inge Arkotxak, Itoitz Ziardak eta Paul Lauzirikak ere. Arkotxak 5 kilometroko martxan 33:22.91ko denbora egin zuen, Itoitz Ziardak 3.000 metroko oztopoen proban 15:58.21eko marka eta Lauzirikak altuera jauzian 1,75 metrokoa. Hala, Tximistako neskak Bizkaiko txapeldun izendatu ziren maila absolutuan; 84 puntu lortu zituzten Bidezabal Durango Atletismo Taldearen (83) eta Artunduagaren (81) aurretik.
Tximistakoez gain, beste hainbat talde ordezkatu zituzten eskualdeko kirolariek, esaterako, Durango Kirol Taldea. Hala, talde durangarreko Xabat Oar-Arteta aulestiarrak, esaterako, luzera jauzian 6,87 metroko marka lortu zuen, eta ondorioz, baita urrezko domina ere. Unax Solabarrieta ondarrutarrak ere 400 metroko lasterketan parte hartu zuen, eta 48,26ko markagaz, urrezko domina poltsikoratu zuen. Nahia Ibarzabal markina-xemeindarrak ere Durango Kirol Taldea ordezkatu zuen, eta 5 kilometroko martxan 27:34,33ko marka eginda, urrezko domina eskuratu zuen. Azkenik, Mikel Dolaragak pisu jaurtiketan eta 4×400 metroko errelebetan lehiatu zuen; lehenengoan brontzeko domina lortu zuen (9,73 metro), eta bigarrenean, urrezkoa.
Bestalde, Barrutia A.E. taldeko Ines Lauzirika lekeitiarrak jauzi hirukoitzean lehiatu zuen, eta brontzezko dominagaz itzuli zen etxera, 11,52ko marka eginda.