Bermikonposta egiteko gakoak ikasi dituzte Lekeition
Lekitto Bedarrak antolatuta, Urtzi Vera adituak tailerra eman du Usotegin; guztira 27 partaide egon dira, Lekeitiokoak nahiz inguruko herrietakoak.

Lekitto Bedarraren ekimenez, joan den zapatuan [ekainak 21] Urtzi Vera adituaren gidaritzapean 27 lagun elkartu ziren Lekeitioko Usotegi herritarren ortuan. Bermikonpostaren eta saltsa pikanteen inguruan aritu ziren bertaratutakoak, eta herritarrek ez ezik, Ondarroa, Markina-Xemein, Berriatua nahiz Ispasterkoek ere parte hartu zuten tailerrean, baita bi partaide zaragozarrek ere.
Alde teorikoa Azkue Ikastolan landu ostean, alde praktikoari herritarren ortuan ekin zieten: “Bertan, zizareentzako tokia prestatu genuen, ongarria lortzeko. Lurrean sortzen den kokapen horrekin, zizareak euren bizileku naturalean ugaritzen dira, eta nekazaritzan ezagutzen den ongarri onena sortzen da”. Goizeko bigarren zatian, ostera, Verak prestatutako hiru saltsa pikante dastatu zituzten. Hala, partaideek betetako galdetegian “oso ondo” baloratu zuten irakaslearen ezagutza, azalpenak nahiz arlo praktikoa: “Ezin hobetzat jo dute formatoa: arlo teorikoa Ikastolako gela batean eta praktikoa Usotegi herritarron ortuan”. Egunagaz amaitzeko jan-edanerako tartea hartu zuten: “Lagungarria izan zen taldekideak ezagutu eta proiektu berriak martxan ipintzeko”.