Herriaren babesagaz, Emir Vazquezen tratamendurako diru guztia lortu dute
Bizkarrezur muinari eragiten dion gaixotasuna dauka Emir Vazquez 16 urteko lekeitiarrak, eta 12.000 euroko tratamendua behar du errehabilitazio espezializatua ordaintzeko. Lekeitio BHIk hainbat egitasmo eroan ditu aurrera ikasturte guztian, eta helburura heltzea lortu dute.

Lortu dute helburua. 12.000 euro behar zituzten Emir Vazquez 16 urteko gaztearen tratamendua ordaintzeko, eta herriak erantzun du. Bizkarrezur muinari eragiten dion zeharkako mielitisa izeneko gaixotasun autoinmunea dauka lekeitiarrak, eta gaixotasunari aurre egiteko behar duen errehabilitazio espezializatua ordaintzeko dira 12.000 euroak. Hala, Lekeitioko Institutua martxan ipini, eta tapoi bilketagaz, zozketekin eta webgunearen bitartez egindako ekarpenekin, helburua betetzea lortu dute.
Joan den barikuan [ekainak 20] egin zuten ikasturteko azken ekitaldia. Zozketa solidarioa izan zen, eta antolatzaileek “oso ondo” joan zela nabarmendu dute: “Oso ondo erantzun zuen herriak. Emirren gurasoak ere hor egon ziren, eta amak eskerrak emateko tartea hartu zuen”. Hala, txarangagaz kalejiran ibili ostean, Akustikaiaren kontzertuaz gozatu zuten, eta ostean heldu zen zozketa: “40sari banatu genituen, eta denok oso pozik geratu ginen. Herriak espero baino askoz hobeto erantzun du, eta azkenerako, diru bilketa esanguratsua egin da; 12.000 euro zen helburua, eta betetzea lortu da”.
Aste Santuko jaialdiagaz batera hasi ziren martxan “serioago”, eta “oso pozik” daude ekimenen bilakaeragaz: “Herritarrek interesa erakutsi dute, eta baita parte hartu ere; oso ondo erantzun dute. Era berean, ikasleak ere inplikatu dira egitasmoagaz, eta hori ere garrantzitsua da guretzat, institutu moduan”. Hala, uda denboraldiagaz batera, Vazquezek Madrilerako bidea hartuko du, tratamendua bertan egiteko.







